Santiago Onaindia beka

Zer da Santiago Onaindia Beka?

Santiago Onaindia ikerketa beka, euskal idazle eta ikerlari handiaren omenez antolatzen du Amorebieta-Etxanoko Udalak. Euskal literaturaren arloan ikerketa sustatzeko asmoz sortu zen 1989an eta arlo hori lantzen duten aztertzaileei zuzenduta dago. Ikerketa lanak Labayru Ikastegiak argitaratzen ditu, ondorenean.
Bekak 9.000 euroko zuzkidura dauka, eta urtebetekoa izaten da lana burutzeko epea.

Data

Bi urtetik behin antolatzen da.

Antolatzailea

Amorebieta-Etxanoko Udala, Labayru ikastegiarekin elkarlanean eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Orain arteko bekadunak

Honakoak dira gaurdaino argitaratu diren lanak:

Jon Kortazar: Euzkerea eta Yakintza aldizkarietako olerkigintza. 1995.

Liburu honetan gerra-aurreko aldizkari biotan agertu ziren olerkien eta olerkigileen azterketa egin da, euron bizitzaren eta lanaren berri emanez eta obraren azterketa literarioa eginez.

Aita Santi Onaindia Beka-1989.

Roberto Mielgo Merino: Eusebio Erkiagaren gerraosteko elaberrigintza (1958-1964). 1995.

Eusebio Erkiagak gerra ostean egin zuen eleberri-lan nagusia. Liburu honetan 1958-1964 urteen artean argitara eman zituen lanon azterketa literarioa egin zen.

Aita Santi Onaindia Beka-1991

Iñigo Aranbarri – Koldo Izagirre: Gerraurreko literatur kritika (1930-1936). 1996.

Lan honetan euskal idazle eta kulturgileak gerra zibilaren aurretxoko urteetan, egunkarietan eta aldizkarietan, euskal literatura zela eta, agertu ziren iritzi eta eztabaiden berri ematen da.

Aita Santi Onaindia Beka-1993.

Aitzpea Azkorbebeitia Aldaiturriaga: Joseba Sarrionandia: irakurketa proposamen bat. 1999.

Aitzpeak Joseba Sarrionandiaren idazlanen gainean ikerketa egin zuen Harrera Teoriaren ikuspegitik aztertuta. Bai poesiak, bai prosako lanak kontuan hartuta, idazleak darabiltzan estrategiak eta emaitza literarioak sakon eta zehatz azaldu zituen egileak.

Aita Santi Onaindia Beka-1997.

 

Mari Jose Olaziregi: Euskal eleberriaren historia. 2002.

Mª Jose Olaziregik lan honetan ikertu zuen, eleberria generoaren historia euskal literaturan, hastapenetarik XX. mendearen amaierara arte.

Aita Santi Onaindia Beka-1999.

 

Idurre Alonso Amezua: Euskal literatur sistema eta literaturaren didaktika aztergai. Idazle, kritikari eta irakasleen iritziak teoria komunikatiboen argitara. 2008.

Euskal literatur sistemaren ikuspegi orokorra, Euskal Herriko hogeita hamalau idazle eta kritikariren iritziak oinarri hartuta. Euskal literaturaren didaktikarako hurbilketa. Ikasleei zuzendutako galdeketen eta ikas materialaren azterketa abiapuntu izanik, euskal literaturaren irakaskuntzaren egoeraren deskribapena XXI. mendearen hastapenetan.

Aita Santi Onaindia Beka-2005.

 

Miren Ibarluzea Santisteban: Literatur Itzulpenaren Kritika, Lehen Pausoak. 2010.

Itzulpen-kritika akademikoranzko lehen pausoak emateko gogoeta, honako hauek izanik ardatz:

Gaur arte egindako itzulpen-kritikaren azterketa.
Itzulpenaren onarpena neurtzeko esperimentuak.
Gaurko itzulpen-kritikaren eta itzulpenen onarpenaren deskripzioa, azterketa akademikorako lehen pauso gisa. Garaiaren araberako kontestualizazioa.
Itzulpenen ezaugarri testualak eta linguistikoak aztertzeko metodologiaren garapena.
Adibide praktikoa.

Santiago Onaindia beka 2009.

 

Pio Perez Aldasoro: Joxe Zapirainen bertso-malkoak. Edo nola arindu arimaren sufrimenduak bertsoen bidez. 2012.

Proiektu honen bidez, Joxe Zapirainen bertsoak aurkitu izanak eragin zion harridura islatzen du egileak; izan ere, bertsolaria kantari hasi baitzen, negarrari eman beharrean, bi seme fusilatu zizkiotela jakin zuenean, bertsoen bidez sentimendurik sakonenak eta mingarrienak adierazirik horrela. Oroimen historikoa berreskuratzeko ahaleginen barruan kokatuta dagoen lana da, historiako garai ilunak dakarzkiguna. Gerren alderdi teknikoen eta historikoen deskribapenaz haratago joanda, borrokaldiek gizakiengan sortzen duten sufrimenduaren inguruko hausnarketa ziztakaria.

Santiago Onaindia beka 2011.

Beñat Sarasola: Bainaren belaunaldia: Ustela, Pott eta Oh!Euzkadi!

Lan honen helburua literatura aldizkarien azterketa sistemikoa egitea da, euskal literatur “esparrua” ikertuz, baita literatura aldizkari horien azterketa testual-estetiko bat egitea ere.

Santiago Onaindia beka 2013.

Gorka Mercero Altzugarai: Mundu ikuskerak euskal narratiba garaikidean: modernitatearen krisitik postidentitatearen promesera.

Proiektu honek euskal narratiba garaikidean aurkitu daitezkeen mundu-ikuskeren tipologia bat eskaintzen du. Euskal narratiba garaikidea esentzialismotik antiesentzialismora doan ibilbide horretan non kokatu arakatzen du, zenbateraino eusten dion oraindik ere pentsabide teleologiko modernoari eta zenbateraino barneratu den postidentitatearen promes paradoxikoen eremuan.

Santiago Onaindia beka 2015.

2017 Lourdes Otaegi & Garazi Otsagabia: Beste gerrako kronikak. Bikote harremanak eta indarkeria Ramon Saizarbitoriaren eleberrigintzan.