Eleizetan

Zer da Eleizetan?

Elizetan ekimena Amorebieta-Etxanoko elizetan eta baselizetan eskaintzen diren kontzertu sorta da, ganbera musikako emanaldiak izan ohi dira. 2002az geroztik antolatzen den programa honen baitan, bertaratzen direnek musika eskaintza anitzaz gozatzeko aukera izaten dute: antzinako musika, jazza, barrokoa, berpizkundeko musika, musika herrikoia edota folka. Emanaldi guztiek dituzte, ordea, ezaugarri hauek: kalitatea eta ganbera formatua, hurbila eta zuzena.

Ekimenaren helburua Amorebieta-Etxanoko monumentu-ondarea ezagutaraztea ere bada. Kontzertuak Dudeako San Migel eta Boroako San Pedro baselizetan, eta Bernagoitiko San Migel, Larreako San Juan Bateatzaile, Etxanoko Andra Mari eta Amorebietako Andra Mari elizetan izaten dira.

Data

Eleizetan ekimena irailean izaten da, herriko elizetan eta baselizetan.

Antolatzailea

Amorebieta-Etxanoko udalaren kultura sailak antolatutako eta kudeatutako programa da Eleizetan eta Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-laguntza izaten du.