Zainduz Programak jarduera berriak aurkeztu ditu apirila eta maiatzerako

‘Bizkar-osasuntsua eta Jarrera-higienea’ tailerra eta ‘Bilbao City View’ autobus turistikoan Bilbora bisita gidatua dira datozen hilabeteotan eskainiko diren bi jarduerak, ohiko moduan, zaintzaileei edo mendekotasun egoeran dauden pertsonen senitartekoei zuzenduta. 

Bi jardueretan izena emateko epea gaur zabaldu da; tailerrari dagokionez, apirilak 5 izango da apuntatzeko azken eguna eta bisita gidatuan parte-hartu nahi dutenek apirilaren 12rako eman beharko dute izena. 

Amorebieta-Etxanoko Udalak hainbat jarduera antolatzen ditu ikasturte osoan zehar ‘Zainduz Programa: zaintzailearentzako zaintza’ programaren baitan. Programaren helburua da zaintzaileei edo mendekotasun-egoeran dauden senideei laguntzea, denbora eta energia eskainiz, eta egiten duten lan gogorrari eta ezkutukoari merezi duen aitortza emanez.

Horri jarraiki, oraingoan bi jarduera berri aurkeztu ditu apirila eta maiatzerako: ‘Bizkar-osasuntsua eta Jarrera-higienea’ tailerra batetik eta Bilbora bisita gidatua ‘Bilbao City View’ autobus turistikoan, bestetik. 

Karga fisikoa eta lesioak saihesteko tailerra

Kasu batzuetan, zaintza lanek zama edo karga fisiko handia eragiten dute eta horrek lesioak sor diezazkieke zaintzaileei. Errealitate hori aintzat hartuta, Zainduz Programak lesio horiek saihestea helburu duen tailerra antolatu du, zaintzaileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko. 

‘Bizkar-osasuntsua eta Jarrera higienea’ tailerrak, beraz,  zaintzan egiten diren karga fisikoen eta mugimendu errepikakorren aurrean lesioak modu seguruan saihesten laguntzeko gorputz ohitura osasungarriak ikastea du helburu. Tailer honen bitartez gorputz kontzientzia zabaltzeko eta norberaren gorputza zaintzeko ariketak eskainiko zaizkie zaintzaileei,  jarrera eta mugimenduaren kalitatearen bidez norberaren ongizatea hobetzeko. Era berean, norberaren burua zaintzeko eta erlaxatzeko espazioa eskainiko die tailerrak zaintzaileei. 

Guztira 6 saio izango dira, asteazkenetan eskainiak: apirilaren 10ean, 17an eta 24an lehen hiruak eta maiatzaren 8an, 15ean eta 22an azken hiruak. Guztiak Nagusi aretoan egingo dira, gaztelaniaz, 17:30-19:30 bitartean. 

Bilbora bisita gidatua

Bigarren jarduera gisa, ‘Bilbao City View’ autobus turistikoan Bilbora bisita gidatua antolatu du Zainduz Programak. Irteera honekin zaintzaileei euren burua zaintzearen garrantzia gogorarazi eta horretarako behar duten denbora eta espazioa eskaintzea da helburua, zaintzaileen ongizatea hobetuz, ematen duten zaintza ere hobetzen baita. 

Hori horrela, autobus turistikoan Bilbo ikuspegi berri batetik ezagutzeko aukera izango dute, giro lasaian eta zaintzatik kanpo, bestelako espazioak beste zaintzaile batzuekin partekatuz. 

Irteera hau datorren apirilaren 19an egingo da, ostirala, arratsaldez. 

Izen-ematea

Izen ematea gaur bertan, martxoak 25 zabaldu da. Tailerrari dagokionez, apirilaren 5era arte egongo da izena emateko aukera eta irteeran parte-hartu nahi duten pertsonek apirilaren 12a izango dute apuntatzeko azken eguna, bi kasuetan Herritarren Arreta Zerbitzuaren bidez edo udal webguneko ‘Izen-emateak‘ atalean, inprimakia betez.