Urgozo iturriaren ur-kontsumoa nabarmen jaitsi da instalatutako ur-sakagailuei esker

  • Uraren kontsumoa % 80 murriztea lortu da, izan ere, hiruhileko bakoitzeko 1.000 m³ inguruko ur kontsumotik, azken hiruhileko kontsumoa 200 m³ ingurukoa izatera igaro baita.

Amorebieta-Etxanoko Udalak Zelaieta parkean dagoen Urgozo iturriaren ur-kontsumoa nabarmen murriztea lortu du, 2024ko otsailaren 6an oinarekin emateko sakagailu berriak jarri ostean. Lehen, iturriaren hiruhileko kontsumoa 1.000 m³ ingurukoa zen, eta kopuru hori 200 m³ ingurura murriztu da ur-sakagailuei esker.  Horrek esan nahi du ur-kontsumoa % 80 murriztu dela. Gainera, kontsumoa are gehiago murriztea aurreikusten da, sakagailuak otsailean jarri zirela kontuan izanda. 

Ekimena, 2030 Agendaren helburuekin bat dator, eta Amorebieta-Etxanoko Udala udalerri berdeago eta jasangarriago baten alde egiten ari den lanketaren baitan kokatzen da. Neurria, beraz, uraren erabilera eraginkorragoa eta iraunkorragoa sustatzeko gauzatu da. Horrela, iturriak fluxu konstantea izateari utzi dio, eta ura behar denean soilik kontsumitzea ahalbidetu du. Horri esker, hileko kontsumoa gutxi gorabehera 450 m³ murriztu ahal izan da, hau da, 45 etxebizitza ingururen kontsumoa.

Esther Torvisco 2030 Agendako zinegotziak nabarmendu du: “Ura ondasun preziatua da, babestu beharrekoa eta modu arduratsuan kontsumitu beharrekoa. Uraren aprobetxamendu optimoa lehentasunezko da, jasangarritasunarekin eta ingurumen-erantzukizunarekin dugun konpromisoan. Aurrezpen esanguratsua ez ezik, tanta bakoitzak bere balioa duela gogorarazten digu proiektu honek, uraren erabilerari buruzko jarrera kontzientea har dezagun guztiok”.