Udalak hausnarketarako eta ardurarako deia egin du Gazte Egunaren ostean

Amorebieta-Etxanoko kaleak hondakinez beteta zeuden egunak argitu zuenean, besteak beste, hautsitako kristalak, botilak, edalontziak eta alkohol hondarrak.

Udalak kontzientzia hartzeko deia egin du, eta gogorarazi du guztion erantzukizuna dela herria zaintzea eta bizilagunak errespetatzea.

Joan den larunbatean, martxoaren 16an, Gazte Eguna ospatu ondoren, Amorebieta-Etxanoko Udalak jaiaren ondorengo gertakariei buruzko hausnarketa egin du, eta bide horretan ardura eskatu du.

Igandean, egunak argitu zuenean, herriko zenbait eremu oso zikin zeuden, eta zabor ugari ikus zitekeen kaleetan, besteak beste, kristal hautsiak, botilak, edalontziak eta alkohol hondarrak. Egoera horren ondorioz, Udalak garbiketa-zerbitzuak indartu behar izan zituen udalerriko hainbat tokitan, eta kaleren bat itxi ere egin zen uneren batean, garbitasuna egin eta zirkulaziorako segurtasuna bermatu bitartean.

Udalak gazte zornotzarrek aisialdirako eta ospakizunetarako espazioez gozatzeko duten eskubidea azpimarratu du. Hala ere, garrantzitsua da nabarmentzea guztion erantzukizuna dela herria zaintzea eta errespetatzea.

Udalaren esanetan, onartezinak dira ospakizuna medio izan diren zaintza falta eta zikinkeria: “horregatik, praktika iraunkorragotara pausuak emateko beharraren garrantzia azpimarratu nahi dugu, hala nola, edalontzi berrerabilgarriak erabiliz eta inguruan dauden paperontzietan hondakinak behar bezala botaz”.

Gainera, funtsezkoa da gogoraraztea aisialdirako eskubideak bateragarria izan behar duela Amorebieta-Etxanoko bizilagunen atsedenerako eskubidearekin: “kexak jaso ditugu larunbat gauean sortutako zarata-mailarengatik eta jaiak utzitako ondorioengatik, eta horrek ondo pasatzearen eta elkarrekiko errespetuaren arteko oreka aurkitzeko beharraz hausnartzera garamatza”.

Amorebieta-Etxanoko Udalak konpromisoa hartu lanean jarraitzeko, etorkizuneko ekitaldiak modu arduratsuan, seguruan eta errespetuarekin gauzatu daitezen,  betiere ere zornotzarren ongizatea bermatuz.