Muturreko fenomeno meteorologikoei buruzko abisu laranja gaur eta bihar, prezipitazio iraunkorrengatik

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak muturreko fenomeno meteorologikoei buruzko abisu laranja eman du gaur eta bihar, otsailak 27 eta 28, prezipitazio iraunkorrak direla eta.

Hori horrela, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak aholkuak eman ditu prezipitazioa ugaria den uneetarako, ondorio txarrak ekidin edo ahalik eta gehien murrizteko helburuarekin.

Prebentzioko neurriak:

  • Ez ibilgailurik utzi ez eta kanpin egin ibilgu lehorretan edo ibaien ertzetan. Gerta liteke urak bat-batean gora edo gainezka egitea.
  • Kendu ibilgailuak ur-putzuak sor daitezkeen inguruetatik eta urpetu daitezkeen garajeetatik.
  • Ahal baduzu, ez hartu autoa.
  • Bidaiatu beharra baduzu, ahal duzula, ibili errepide nagusi eta autobideetatik, eta ikusi ezinik bazabiltza, gelditu leku segururen batean.
  • Erretiratu urak eramateko moduko gauza guztiak, batez ere, kutsadura eragin dezaketen produktu arriskutsuak.
  • Begiratu inguruko hustubideak ondo dauden.
  • Irteerak mendira eta kanpoan antolatutako txangoak saihestu.

Larrialdietan hartu beharreko neurriak:

  • Urrundu erreka, uhar, zubi edo urpean gera daitezkeen lekuetatik, eta ez saiatu urak hartutako lekuetatik pasatzen, ez autoz ez oinez: urak indar handia dauka eta eraman egin zaitzake. Ura dela-eta autoa errepidean ez aurrera ez atzera geratzen bazaizu, itzali argiak eta irten autotik.
  • Mendi-magaletatik eta muino-magaletatik urrun egon; ura, harriak eta lohia amil daitezke-eta.
  • Ura etxebizitzara sartuko balitz, alde soto eta behe-solairuetatik albait azkarren.
  • Etxea utzi beharra badaukazu, itzali argindarra eta itxi gasa eta ura. Gainera, utzi ohar bat ostatua non hartuko duzun adierazteko.
  • Jo leku altuenetara; saihestu urpean gera daitezkeen lekuak.
  • Jakinaren gainean egon beti, irratiz edo bestela, jakiteko egoera zertan den eta eguraldiaren iragarpenak zer dioen.

Larrialdietan, deitu 112 zenbakira.