Musika, dantza eta gastronomia uztartuko ditu Tilofesten edizio berriak larunbatean

Tilofest kulturen topaketak hitzordu berria du larunbatean, ekainaren 15ean, Zubiondo plazan arratsaldeko 17:00etatik aurrera.

Ekimen honen helburu da kultura errumaniarra eta errusiarra ezagutzera ematea, kulturaren eta gastronomiaren bitartez.

Beste urte batez, Juravca Elkarteak, errusiar-lipoveniar elkarte sozio-kulturalak Amorebieta Etxanoko Udalarekin batera, Tilofest kulturen jaia antolatu du datorren larunbatean, ekainaren 15ean, Zubiondo plazan. Aurtengo edizioan ondorengo elkarteek parte hartuko dute: eslaviar-euskal kultur elkarteak, Rodina Euskadiko hiztun errusiarren elkarteak, Radu Adrian Artamon de Braila Errumaniako elkarteak, Gocha Beriashviliko ikasleek, Jm Akustik elkarteak eta Nelu, Vasile eta Ciprian Logroñoko taldeek eta Zornotzako Triki-Piu Pandek.

Jai honen helburua errumaniar eta errusiar kultura zornotzarrei gerturatzea da, eta helbru horrekin antolatu da festa Zubiondo plazan arratsaldeko 17:00etatik aurrera.

Kultura eta gastronomia

Datorren larunbatean ospatuko den ekitaldian Euskadin bizi diren komunitate errumaniar eta errusiar-hiztunen kultura eta gastronomiaz gozatzeko aukera izango da. Komunitate horietako dantzak, musika eta tradizioak ere ez dira faltako, eta gainera, Errumaniako produktu tipikoak eskainiko dituen txosna bat jarriko da, festara joatera animatzen diren pertsona guztiek dastatu ahal izateko.

Tiloarekin lotura duen herrialdea

Tilofest-ek tiloari zor dio bere izena, izan ere, Euskal herria haritzarekin oso lotuta dagoen bezala, lipovenar errusiar komunitateak beste zuhaitz honekin du lotura handia: ezkiarekin edo tiloarekin. Ezkiak, historikoki, oso lotura estua izan du kultura horrekin. 1652 urtean, Errusiako Patriarka Ortodoxoak, Nikon Mitropolitoak, erlijio-erreforma hasi zuen, eta, horren ondorioz, ez zegoen ados Errusiako Elizarekin eta bertako biztanleekin. Honela, Europan, beste leku batzuetan ez ezik, errusiar-lipoveniarra izeneko kolektiboa Errumanian kokatu zen, eta lipatik, ezkitik errumanieraz dator lipoveniarra hitza. Hala, komunitatea Danubio ibaiaren deltan kokatu zen, ezki-basoetan, zuhaitz honen egurra lantzeko eta arrantzatik bizitzeko. Juravca elkarteak ere, Tilofestaren antolatzaileak, gertaera historiko hori gogoratzen du. Juravca Amorebieta-Etxanon entseatzen duen emakumeen abesbatza da, eta elkartearen arabera, taldearen izenak, Juravcak, kurrilo esan nahi du, eta errusiar-lipoveniar komunitateak duela 400 urte Errusiatik emigratu behar izan zuela islatu nahi du, eta geroago, Errumaniatik Euskadira emigratu behar izan zuela.