Memoria Historikoaren Astea ospatuko du Amorebieta-Etxanok “Ikusezinak” dokumentalaren estreinaldiarekin

Amorebieta-Etxanon frankismoaren garaian indarrean egon zen emakumeen kartzelan oinarritzen da dokumentala eta espetxean garaiko errepresioa bizi izan zuten emakumeen historia kontatzen du, testigantza desberdinen bitartez.

Dokumentalaren estreinaldiarekin batera, beste hainbat ekitaldi ere egingo dira; horien artean, herriko hilerriko hobian identifikatutako lehen pertsonaren gorpuzkia familiari entregatzeko ekitaldia.

Datorren maiatzaren 13tik 19ra, Amorebieta-Etxanok Memoria Historikoaren Astea ospatuko du, diktadura frankista garaiko bidegabekerien eta errepresioen biktima izan ziren pertsonak eta horien senideak omentzeko eta oroitzeko asmoz, horretarako espresuki antolatutako hainbat ekitaldiren bitartez.

Hala, Amorebieta-Etxanoko alkateak, Ainhoa Salterainek eta Kultura, Kirol eta Herritarren Segurtasuneko zinegotziak, Koldo Bilbaok, aste horretarako antolatutako programazioa aurkeztu dute gaur goizean egindako agerraldian. Alkateak adierazi bezala, “gure memoria historikoaren babesa, iragana gogoratzeko ez ezik, etorkizunera eraikitzeko bidean dugun erantzukizuna ere bada, belaunaldi berriak hezteko eta iraganak duen garrantziaren inguruan sentsibilizatzeko modu bat, alegia,  etorkizun justuago bat eraikitzeko”.

 Amorebieta-Etxanoko emakumeen kartzelan oinarritutako “Ikusezinak” dokumentalaren estreinaldia

Amorebieta-Etxanoko Memoria Historikoaren Asterako antolatu diren ekitaldien artean, “Ikusezinak” dokumentalaren estreinaldia nabarmentzen da. Ikus-entzunezko honek, ahotsa ematen die frankismo garaian herriko kartzelan izan ziren emakumeen bizipenei.

Amorebieta-Etxanoko emakumeen kartzela erregimen frankista garaian egon zen indarrean. 40. hamarkadan emakume errepublikarrak, ezkertiarrak eta abertzaleak zigortzeko diktadura frankistak diseinatutako presondegi sare baten parte izan zen, estatuko hainbat tokitako emakumeak hartzeko sortutako kartzela, alegia. Horien artean, adibidez, Toledon kokatutako Tembleque herriko emakumeak izan ziren espetxeratuak bertan. Emakume atxilotuek preso egoteaz gain, giza eskubideen urraketak ere jasan zituzten, tortura, bortxazko lanak eta umiliazioak barne.

“Ikusezinak” dokumentalak kartzela hartan espetxeratuta egon ziren emakume guztien istorioak kontatzen ditu, orain arte isilpean gorde direnak, presoen senideen eta testuinguru frankistan emakumeen errepresioa sakon aztertu duten historialari eta adituen zuzeneko testigantzen bidez. Istorio horien artean dago, adibidez, Angelina Gonzalezena. Haren aita faxistek hil zuten, eta ama, berriz, Amorebieta-Etxanoko espetxera bidali zuten. Handik jaso zituen amaren maitasunaren gutunak, kartzelan sortutako abestiarekin batera. Abesti horrek bizirik iraun du gaur arte eta dokumentalak ahotsa eman dio beste behin, inoiz ahaztua izan ez dadin.

Hala, “Ikusezinak” ez da soilik memoria historikoa berreskuratzeko ekintza bat, isilaraziak izan ziren emakume haien ahotsak, erresistentzia eta indarra aitortzeko eta baloratzeko ahalegina ere bada. Dokumentala maiatzaren 17an estreinatuko da, Zornotza Aretoan, 20:00etan, eta, ondoren, musika-saio bat egingo da aretoaren kanpoaldean. Estreinaldiaz gain, dokumentalaren beste bi emanaldi eskainiko dira, lehena astelehenean, maiatzaren 20an, 18:00etan eta bigarrena 23an, 20:00etan, biak Zornotza aretoan. Sarrera doakoa da, gonbidapen bidez, eta Zelaieta Zentroko harreran lor daiteke.

Astebete gogoratzeko eta hausnartzeko

Dokumentalaren estreinaldiaz gain, Amorebieta-Etxanoko Memoria Historikoaren Asteak herriko hilerriko hobian identifikatutako lehen pertsonaren gorpuzkiak familiari entregatzeko ekitaldia ere jasotzen du. Ekitaldia Zelaieta Zentroko auditorioan egingo da maiatzaren 13an, 18:00etan. Gogora Institutuak sustatuta, ekitaldian parte hartuko dute Nerea Melgosa sailburuak, Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko alkateak, Aitor Miñambres eta Anton Erkoreka historialariek eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Lourdes Herrasti antropologoak.

Hurrengo egunean, maiatzaren 14an, 19:30ean, “Gora Euskal Herrientsak!” hitzaldia emango du Asisko Urmeneta historialariak, euskal kulturaren belaunaldien arteko transmisioa aztertuz.

Amaitzeko, maiatzaren 18an, Amorebieta eta Etxano herriak frankisten menpe gelditu zireneko egunaren oroitzapen ekitaldia egingo da, Zornotza Kultur Elkarte Artistikoak antolatuta, 12:00etan Zelaieta parkean. Ekitaldi horretan lore-eskaintza, Aranzadik hilerrian egindako deshobiratzeari buruzko hitzaldia (“Amorebieta-Etxanoko hilerrian aurkitutakoa”) eta Alaiak eta Koral Zornotzaren emanaldia eskainiko dira.

“Gure ardura da historia zaintzea eta errespetatzea; horregatik, ekintza horien guztien bitartez, gure udalerriko memoria berreskuratzeko eta duintzeko prozesuan aurrera egiten jarraitu nahi dugu. Izan ere, memoria historikoak atzera begiratzera gonbidatzen gaitu, ez iraganean errotuta gelditzeko, gure oraina hobeto ulertu eta gure etorkizuna hobetzeko baizik, baita gure nortasuna osatzen duen funtsezko atal bati ahotsa emateko ere”, amaitu du Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko alkateak.