Marmitako lehiaketan izena emateko epea ekainaren 27an zabalduko da

Uztailaren 20an egingo den lehiaketan parte hartu nahi duten lagun taldeek izena eman beharko dute ekainaren 27tik uztailaren 10era bitartean, Zelaieta Zentroan edo udalaren webguneko “Izen emateak” atalaren bidez

Amorebieta-Etxanoko Udalak bihar irekiko du jaietako marmitako lehiaketan izena emateko epea. Lehiaketa uztailaren 20an izango da eta herriko hainbat gunetan ospatuko da.

Izen-emateak

Zelaieta Zentroan aldez aurretik izena ematen duten lagun taldeek parte hartu ahal izango dute lehiaketan. Izen-ematea, bihartik aurrera,  astelehenetik ostiralera, 8:30etik 21:30era eta uztailaren 10eko (asteazkena) 13:00ak arte egin ahal izango da. Era berean, Udal webguneko ‘Izen emateak’ atalaren bitartez ere eman ahal izango da izena.

Mahai eta aulki kopurua ahalik eta zehatzena izateko helburuarekin, eta hau parte hartzaile zenbakiarekin bat etortzeko, talde bakoitzeko kide batek Ametx txartela eduki eta aurkeztu beharko du izena ematerakoan. Pertsona hori izango da Udalak utzitako materialaren arduraduna, eta jaso, itzuli ez den edo kaltetua izan den materialari dagokion zenbatekoa ordaindu beharko du: mahaiak 30 euro (aleko prezioa), aulkiak 20 euro (aleko prezioa) eta beste edozein isunengatik, 50 euro. Isunak kobratzeko arrazoiak ondokoak izango dira: banatutako mahai eta aulki kopuruaren eta benetako mahaikideen kopuruaren arteko desoreka nabarmena; banatutako materiala (mahaiak eta aulkiak) antolatzaileek adierazitako ordutegian eta lekuan ez ematea edo baldintza txarretan entregatzea; antolakundeak ezarritako espazioen banaketa ez errespetatzea eta lehiaketaren oinarrietan jasota ez egon arren antolatzaileek kalkulatutako beste edozein arrazoi.

Espazioen zozketa

Lehiaketan parte hartuko duten koadrilek bete beharreko tokiak zozketa publiko bidez banatuko dira, Zelaietako zentroan uztailaren 17an, 12:00etan. Leku horiek kide kopuruaren arabera markatu eta sailkatuko dira, eta kategorien arabera zozketatuko dira: A (talde txikiak), B (talde handiak) eta C (challengeko taldeak). Talde bakoitzak nahitaez bete beharko du zozketa bidez esleitutako eremua.

Materiala eta antolaketa 

Antolatzaileek hegaluzea, mahai-tresnak eta ogia baino ez diete emango erronkan parte hartuko duten koadrilei. Mahai eta aulkiak, berriz, mapan esleitutako lekuetan emango dira, 10:30etik 13:00etara, eta 13:00etatik 19:30era jasoko dira. Taldeek uneoro bete beharko dituzte antolatzaileen oharrak. Sari banaketa 14:30ak eta 15:00ak bitartean egingo da Zubiondo plazan, eta marmitako lehiaketan zehar sortzen den edozein arazo konpontzeko, Batzorde Antolatzaile bat izendatuko da. Batzorde hori ekitaldia antolatzen duen taldetako bi kidek eta Amorebieta-Etxanoko Udaleko bi ordezkarik osatuko dute.