Maiatzeko Familia Eskolak nerabezaroko aldaketak izango ditu hizpide

Guztira 3 saio eskainiko dira, maiatzaren 16an, 23an eta 30ean, 11 eta 13 urte bitarteko haurrak dituzten gurasoei zuzenduta.

Interesdunek aurrez izena eman beharko dute, maiatzaren 10a baino lehen, udal webgunean, HAZen edo 943 30 00 02 telefonora deituz.

Amorebieta-Etxanoko Udalak Familia Eskolak antolatu ditu maiatzerako, Adikzioen Prebentziorako Zerbitzuaren bitartez. Familia Eskolak hiru adin-tartetara egokitutako prestakuntza saioak dira, familiaren eremuan mendekotasunen eta beste arrisku jokabideen prebentzioa sustatzeko helburuarekin: 0-6, 7-12 eta 13-16 urte bitarteko seme-alabak dituzten familientzat.

Maiatzeko Familia Eskolak, hain zuzen, nerabeak eta nerabezaroko aldaketak izango ditu hizpide eta horiek ulertu eta lantzeko hiru saio eskainiko dira, 11 eta 13 urte bitarteko (LH6. Mailan eta DBH1ean) haurrak dituzten gurasoei zuzenduta. Saio horietan, seme-alabei prozesu aldakor horretan laguntzeko informazioa eta gakoak eskainiko dira, aldaketei aurre egiteko hainbat estrategia eta baliabide ikasiz.

Saioak ostegunetan eskainiko dira, maiatzaren 16an 23an eta 30ean hurrenez-hurren, 18:00-19:30 ordutegian, Nafarroa Zentroko 2. Solairuan edota bertaratu ezin duenarentzat, baita online ere.

Izen-ematea zabalik

Familia Eskolan parte hartu nahi duten gurasoek aurrez izena eman behar dute, kasu honetan, maiatzaren 10a baino lehen, udal webgunean, aurrez-aurre, HAZen edo 943 30 00 02 telefonora deituz. Udalak jakinarazi du gutxienez, 5 pertsonek hartu beharko dutela parte Familia Eskolak aurrera egin ahal izateko; eta plazak mugatuak dira. Izena eman ostean, baieztapena maiatzaren 13an jakinaraziko da, posta elektronikoz.

Zalantzarik izanez gero, familiek Andrea Garofano Zabalarekin (Adikzioen Prebentziorako Teknikaria) jarri ahal izango dute kontaktuan, prebentzioa@amorebieta.eus posta elektronikoaren bidez, edo 623 16 92 86 telefono zenbakiaren bidez (WhatsApp eta deiak).