Larrea kiroldegiko spinning aretoa berrituko du Amorebieta-Etxanoko Udalak

Egingo diren hobekuntza lanen artean, egun dagoen lurra babestuko da, etorkizunera begira hondatu ez dadin.

Aretoa apirilaren 2tik aurrera itxiko da eta lanak hilaren 19rako amaituta izatea aurreikusten da.

Apirilaren 2tik aurrera, Larrea kiroldegiko spinning aretoa itxita egongo da erabiltzaileentzat, espazioko berritze lanak direla eta. Izan ere, Amorebieta-Etxanoko Udalak hainbat hobekuntza egingo ditu aretoa eta bertako kirol-azpiegiturak hobetzeko eta horretara bideratu ditu, hain zuzen, 22.810,26 euro.

Aretoaren berritze integrala

Spinning aretoaren berrikuntzak hainbat esku-hartze aurreikusten ditu, espazioaren funtzionaltasuna ez ezik, aretoaren eta bertako materialen segurtasuna eta iraunkortasuna bermatzeko. Proiektuaren lehen fasean, gaur egun dagoen lurra babestuko da, etorkizunera begira hondatu ez dadin, eta, ondoren, egungo atea eta manpara desmuntatuko dira, metalezko egitura sendo bat eta manpara berri baten profilak muntatzeko.

Horrekin batera, beiraz estaliko da pareta, hiru metroko altueraraino; goiko aldea, berriz, pladurrez osatuko da. Horrela, espazioaren argiztapena eta irekitasuna bermatuko dira. Lanak amaitzeko aldamioak desmuntatu eta sakon garbituko da aretoa, erabiltzaileek baldintza ezin hobean aurki dezaten.

Aretoaren itxiera apirilaren 2an egingo da, eta obrak 19rako amaitzea aurreikusten da. Egun horretatik aurrera, beraz, espazioak bere betiko jarduera berreskuratzea espero da.

Hobekuntza lan horien bidez, Amorebieta-Etxanoko Udalak egungo instalazioak hobetu nahi ditu, kiroldegiko erabiltzaileei kalitatezko espazio eta azpiegitura egokiak eskaintzeko.