“Ikusezinak” dokumentalaren estreinaldiak Amorebieta-Etxanoko Memoria Historikoan barrena bidaiatzeko aukera eskainiko du

Datorren ostiralean, maiatzak 19, frankismo garaian herriko kartzelan isilduak izan ziren emakumeen ahotsak berreskuratzen dituen dokumentalaren estreinaldia jasoko du Zornotza Aretoak, arratsaldeko 20:00etan.

Estreinaldira bertaratuko dira, gainera, errealitate gogor hori bizi izan zuten emakumeen senitartekoak, estatuko udalerri desberdinetatik, hala nola, Toledoko Tembleque herritik.

Amorebieta-Etxano “Ikusezinak” dokumentalaren estreinaldiaren lekuko eta anfitrioi izango da datorren ostiralean, maiatzak 19. Honek, erregimen frankistaren pean udalerrian egon zen emakumeen kartzelako istorioak jasotzen ditu.

Ikus-entzunezko lan hau Memoria Historikoaren Astearen baitan eskainiko diren ekitaldien baitan kokatzen da eta indarkeria eta isiltasuna nagusi zen garai hartan Amorebieta-Etxanoko kartzelan errepresioa, tortura eta bortxazko lanak jasan zituzten emakumeen erresistentzia eta indarra omentzea du helburu.

Memoria Historikoaren leihoa

“Ikusezinak” dokumentala, ikus-entzunezko lan bat ez ezik, Amorebieta-Etxanoko memoria historikoa berreskuratzeko ahalegin bat da, baita, noski, urte askotan zehar isilduak eta baztertuak izan ziren emakume haien kemena eta sufrimendua aitortzeko modua ere.

Dokumentalak preso egon ziren emakumeen senitartekoen testigantza zuzenak biltzen ditu, baita historialarienak eta adituenak ere. Estatuko puntu desberdinetatik Amorebieta-Etxanon espetxeratuak izan ziren emakumeen esperientziak kontatzen ditu eta horien artean kokatzen da Temblequeko Angelina Gonzálezen testigantza hunkigarria. Haren amaren maitasun gutunak, kartzelatik idatziak, abesti baten doinuekin batera heldu dira gaur arte eta dokumentalak ahotsa jartzen die horiei guztiei, inoiz ahaztuak izan ez daitezen.

Historiari ahotsa ematen dion dokumentala

Amorebieta-Etxanoko kartzela gaur egun El Carmelo ikastetxea kokatzen den eraikinean egon zen. Hasiera batean, 1939-1940 urteen artean, odol-ospitalea izan zen eta 1940tik aurrera, emakumeen espetxe bilakatu zen. Bertatik pasa ziren 1.200 emakume baino gehiago.

Historialariek diotenez, gosea eta gain populazioa nagusi ziren eta osasun baldintzak onartezinak ziren bertan. Hori dela eta, bertako emakumeek “bizien hilerria” deitzen zioten Amorebieta-Etxanoko kartzelari, Ascensión Badiola Ariztmuñok “Individuas Peligrosas. La Prisión Central de Mujeres de Amorebieta (1939-1947)”, liburuan jasotakoaren arabera (Txertoak 2019an argitaratua).

Hausnarketarako eta errekonozimendurako ekitaldia

“Ikusezinak” saioaren estreinaldia ekitaldi hunkigarria izango da, gure iragana eta oraina bateratuz, frankismo garaiko borroken hausnarketarako ez ezik, aintzatespenerako gune bat ere eskainiko baitie herritarrei. Gainera, errealitate gogor hori bizi izan zuten emakumeen senitartekoen presentziak ukitu pertsonal eta sakona emango dio ekitaldiari. Gonbidatu horiek, estatuko udalerri desberdinetatik bertaratuko dira Amorebieta-Etxanora, hala nola, Tembleque herritik. Horrez gain, musika saio bat ere eskainiko da, Zornotza Aretoaren kanpoan.

Dokumentalerako sarrerak doakoak dira eta Zelaieta Zentroko harreran eskura daitezke. Estreinaldiaren ondoren, dokumentalaren beste bi emanaldi programatu dira, maiatzaren 20an (18:00) eta 23an (20:00), Amorebieta-Etxanoko historiaren atal erabakigarri baina, aldi berean, ia ahaztu honen inguruan pertsona gehiagok gogoeta egin ahal izateko.

Dokumental honen helburua ez da soilik historia bat kontatzea; baita herritarrak eta gizartea oro har memoria historikoak justiziarako eta adiskidetzerako tresna gisa duen garrantziaz jabetzea eta horren inguruan kontzientzia hartzea ere.