Ibilgailu elektrikoen “Greenpower Bridgestone Zirkuitua” igandean helduko da Amorebieta-Etxanora

Lauaxeta ikastolako ikasleek eraginkortasun energetikoaren erronkari aurre egin beharko diote, goblins modalitatean haiek eraikitako auto elektriko eta jasangarri batekin lehiatuz.

Igande honetan, maiatzak 19, helduko Amorebieta-Etxanora “Greenpower Bridgestone Zirkuitua”, gazteen artean mugikortasun iraunkorra eta berrikuntza teknologikoa sustatzea helburu dituen ekimena.

Hala, igandeko hitzorduak ibilgailu elektrikoak diseinatu, eraiki eta martxan jartzeko ikasle gazteen trebetasuna frogatuko du, hain zuzen, Goblins modalitateko lehiaketan.

Abiaduratik haratago

“Greenpower Bridgestone Zirkuituan”, eta, zehazki, Goblins modalitatean, ez du lehiakide azkarrenak irabazten, bateria agortu gabe kilometro gehiago egitea lortzen duen pertsonak baizik. Berezitasun horrek modu eraginkor, energetiko eta iraunkorrenean gidatzea sustatzen du, eta horiek guztiak dira, hain zuzen, ekimen honek bultatzen dituen jasangarritasun-politiken zutabe nagusiak. Izan ere, lehiaketak, ibilgailu azkarrenaz haratago, eraginkorrena eta jasangarriena saritzen du, modu horretara taldeek beren ibilgailuen errendimendua optimizatzeko duten gaitasuna proban jarriz.

Lauaxeta Ikastolaran parte-hartzea

Amorebieta-Etxanoko Lauaxeta Ikastolako batxilergoko 2. mailako 27 ikaslek parte hartuko dute igandean, bi taldetan banatuta.

Lauaxeta Ikastolak 2020az geroztik lantzen du proiektu hau batxilergoko ikasleekin. Lehen hartu-emana, ordea, DBH 4. mailan jasotzen dute ikasleek; proiektua aurkezten zaie eta honen baldintzak eta arauak azaltzen zaizkie. Lehen pauso gisa, ibilgailu elektrikoaren txasisa muntatzen hasten dira.

Batxilergoko 1. mailan, ikasleek proiektuan sakontzen dute, gai mekanikoak, elektrikoak eta elektronikoak jorratuz. Txasisa muntatzeaz gain, kanpoaldearen diseinua egin eta garatu behar dute, zirkuitu elektrikoa ulertu eta martxan jarri behar dute, sortutako arazoei irtenbideak bilatu behar dizkiete…

Gainera, proiektua aurrera eraman ahal izateko, ikastolako baliabideetatik haratago, kanpoan laguntza bilatzera behartuta daude. Horretarako, marketin-plan bat garatu behar dute, beren proiektuari buruzko informazioa zabaltzeko eta babesleen laguntza ekonomikoa eta teknikoa jasotzeko.

Azken ikasturtean, jarraipena eman diote proiektuari, kasu honetan, ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren ikuspegitik.

Aurten proiektua DBHko 4. mailan eta batxilergoko 1. eta 2. mailetan landu den arren, azken mailako ikasleek (27 ikasle guztira) hartuko dute parte lehiaketan. Hala ere, datorren ikasturteari begira, batxilergoan, maila bakoitzeko 4 taldek hartuko dute parte eta DBHko 4. mailako teknologiako ikasleek ere parte hartuko dute azaldutako prozesuan.

Greenpower Iberiaren inguruan

“Greenpower Bridgestone Zirkuitua” hezkuntza-programa bat da eta konponbide aurreratuetan eta mugikortasun iraunkorrean munduko liderra den Bridgestonek enpresak babesten du, Alfonso Líbano Firestone fundazioarekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin, tokiko udalekin (horien artean, Amorebieta-Etxanoko Udala) eta Enekuri Motor eta Autonervión ibilgailuen kontzesionarioekin batera.

Ekimena nabarmen hazi da partaidetzan hasieratik, eta etorkizun iraunkorrago baten alde tokiko udalen, enpresen eta ikastetxeen arteko lankidetza eta konpromisoa islatzen ditu, ibilgailu elektrikoen diseinuaren, eraikuntzaren eta lehiaketaren bidez, 9 eta 25 urte bitarteko haur eta gazteen artean zientziarekiko, teknologiarekiko, ingeniaritzarekiko eta matematikarekiko interesa sustatuz.