Ibaizabal ibaia herritarren parte-hartzearekin garbitzeko deialdia egin du Amorebieta-Etxanoko Udalak, maiatzaren 13rako

Herritar orok parte har dezake garbiketa lanetan; taldeka eta ordubeteko hiru txandatan banatuta egingo dira, goizeko 10:00etatik 13:00etara.

Ekintza honen helburua da herriko ibai bazterra txukun eta garbi mantentzea, ingurumenaren mesedetan, baita, bide batez, herritarrak, ingurumenaren zaintzaren inguruan kontzientziatu eta sentsibilizatzea ere.

Ingurumenaren zaintzak duen garrantziaren jakitun eta horri lotuta, gure erreka eta ibaiak txukun eta garbi mantentzeak ingurumenean duen eragin zuzen eta positiboa aintzat hartuta, Amorebieta-Etxanoko Udalak Ibaizabal ibaia garbitzeko deialdia egin die zornotzarrei.

Horri jarraiki, datorren maiatzaren 13an, ibaia garbitzeko 3 txanda antolatu ditu, ordubetekoa bakoitza, goizeko 10:00etatik hasita eguerdiko 13:00ak arte. Garbiketa lanak zehazki Nafarroa aparkalekuko eremuan egingo dira eta helburua da 20-30 pertsonako taldetan banatuta, talde bakoitzak hondakin mota bat jasotzea, modu horretara, ibai bazterrak zikinkeria eta zaborrez garbitzeko.

Herritar orok har dezake parte garbiketa lanetan; 10 urtetik beherako haurren kasuan, heldu batez lagunduta joan beharko dute. Garbiketarako eskularruak eta kakoak erabiliko dira eta material hori Amorebieta-Etxanoko Udalak jarriko du herritarrentzat. Zornotzarrek, arropa erosoa eta bereziki ondo pasatzeko grina eta ingurumenaren zaintzan laguntzeko gogoa besterik ez dute behar.

Hori horrela, Amorebieta-Etxanoko Udalak herritarrak animatzen ditu parte-hartzera eta elkarlanean ingurumenaren zaintzaren alde urrats bat ematera. Parte hartzeko ezinbestekoa da aurrez izena ematea ondorengo esteka beteaz.