Ibaizabal errekan herritarren parte-hartzearekin garbiketa lanak egiteko deialdia egin du Amorebieta-Etxanoko Udalak

Herritar orok parte har dezake garbiketa lanetan; taldeka eta ordubeteko hiru txandatan banatuta egingo dira, ekainaren 15ean, goizeko 10:00etatik 13:00etara.

Ekimena ‘Let`s clean up’ ekimenaren baitan jasotzen da eta helburu du herriko ibai bazterra txukun eta garbi mantentzea, ingurumenaren mesedetan, baita, bide batez, herritarrak, bereziki ibai ekosistemetan dagoen plastikoaren arazoaren inguruan kontzientziatzea.

Erreka eta ibaiak txukun eta garbi mantentzeak eragin zuzen eta positiboa du ingurumenean eta Amorebieta-Etxanoko Udalak, horren jakitun eta ingurumenarekiko apustuan, garbiketa lanak burutuko ditu errekan. 

Lan horiek, baina, ohiko moduan, herritarren parte-hartzearekin egin nahi ditu eta horregatik, dei egin die zornotzarrei, datorren ekainaren 15ean, garbiketa lanetan parte-har dezaten. Horretarako  ibaia garbitzeko 3 txanda antolatu ditu, ordubetekoa bakoitza, goizeko 10:00etatik hasita eguerdiko 13:00ak arte. Interesa duen orok parte har dezake (10 urtetik beherakoen kasuan, heldu batez lagunduta). 

Garbiketa lanak zehazki Nafarroa aparkalekuko eremuan egingo dira, 25-30 lagun inguruko taldetan banatuta. Pertsona bakoitzak kakoak eta eskularruak izango ditu zaborrak biltzeko. Material hori, noski, Udalak jarriko du. Zornotzarrek, arropa erosoa eta bereziki ondo pasatzeko grina eta ingurumenaren zaintzan laguntzeko gogoa besterik ez dute behar.

Hori horrela, Amorebieta-Etxanoko Udalak herritarrak animatzen ditu parte-hartzera eta elkarlanean ingurumenaren zaintzaren alde urrats bat ematera. Parte hartzeko ezinbestekoa da aurrez izena ematea letcleanupamorebieta2024@gmail.com helbidera idatziz. 

Let`s clean up Euskadi

Garbiketa lanak Let’s clean up Euskadi ekimenaren batan daude kokatuta. Ekimen hau ‘Let’s Clean Up Europe!’ ekimenetik sortu zen, Hondakinak Prebenitzeko Europako Astean (EWWR) sustatu ostean, ingurunean garbiketa-ekintzak eginez herritarrak sentsibilizatzeko. Europa osorako ekintza komuna da, kontrolik gabe naturara botatzen diren hondakinen kopuruaz kontzientziatzeko eta sentsibilizazio-ekintzak sustatzeko legearen kontra baso, hondartza, ibai-bazterretara eta abarrera botatako hondakin horien bilketaren bitartez.

Hala, Amorebieta-Etxanoko Udalak, ingurumenarekiko apustuan, ekimen honetara batu da eta garbiketa lanei ekingo die, ibai bazterra txukun eta garbi mantentzeko eta bide batez, herritarrak, bereziki ibai ekosistemetan dagoen plastikoaren arazoaren inguruan kontzientziatzeko.