Kokaera geografikoa

Orografia
Amorebieta-Etxanok Galdakaotik Durangora IE-HE norabidean dagoen haran zabala betetzen du. 13 km luze eta 2 km pasatxo zabal ditu. Iparraldean zein hegoaldean oso paisaia malkartsua du. Iparraldean, “Bizkaiko sinklinorioa” deritzonaren mendi-inguruak Bizkargi mendian (563 m) amaitzen dira. Hona hemen beste mendi batzuk: Urrimendi (425 m), Torreburu (326 m), Arrezuriaga (329 m), …
Hegoaldean, lurzoruak gehiago eta azkarrago egiten du gora, Anbototik hegoaldean zehar sartzen den mendi-inguruan 700 metrora iritsi arte. Faila asko dituen antiklinala da hori, eta bere gailur-lerroa kareharrizkoa da. Eskualde osoan bereizgarria da kareharrizko egitura hori. Gailur hauek nabarmendu behar ditugu: Belatxikieta (662 m), Gorritxueta (757 m), Kañometa (760 m), Betzuenburu (792 m) eta Betzanburu (792 m).

Hidrografia
Udalerritik Ibaizabal ibaia pasatzen da. Hainbat errekak bertara isurtzen dituzte urak, iparraldetik (San Martin, Artxinez,…) zein hegoaldetik (Azkotxerrota, Maraspera, Leginetxe, …).

Mugak
Iparraldean, Morga, Muxika eta Gorozika; hegoaldean, Iurreta eta Dima; ekialdean, Ibarruri eta Durango; eta, mendebaldean, Larrabetzu, Galdakao eta Lemoa.

Osaera
Egungo udalerria Amorebieta eta Etxanoren bategitearen ondorioa da. Bategite hori 50. hamarkadan izan zen. Gaur egun, Amorebietako elizateak du hiriburutza (70 metroko garaieran dago). Biztanleria gehiena Amorebietako elizatean dago, % 86, hain zuzen ere. Hauek dira beste gune batzuk: Astepe (km 1era, 70 m-ko garaieran), Autzagane (3 km-ra, 350 m-ko garaieran), Bernagoitiako elizatea (7,5 km-ra, 350 m-ko garaieran), Boroa (3,5 km-ra, 110 m-ko garaieran), Etxanoko elizatea (2,4 km-ra, 150 m-ko garaieran), Euba (4 km-ra, 90 m-ko garaieran), Orobio (8 km-ra, 110 m-ko garaieran) eta San Miguel (4 km-ra, 90 m-ko garaieran).

Komunikazioak
Bilbotik 19 km-ra, Gernikatik 13 km-ra eta Durangotik 10 km-ra dago. Zornotzatik pasatu behar da herri askotara joateko, bertan batzen direlako hainbat bide. Horrek mesede handia egin dio. Adibidez, Zornotzatik pasatzen da N-634 errepidea. Errepide hori, Durangotik, Gipuzkoarantz doa.
Orain dela gutxi CN-634 errepideko saihesbidea eraiki da eta, horri esker, ibilgailuak ez dira hirigunetik pasatzen eta trafikoa asko arindu da. Saihesbide horrek Gernika, Bermeo eta Lekeitiorekin konektatzen du C-6315 errepidearen bitartez. Bilbo-Behobia (A-8) autobidea ere udalerritik pasatzen da, eta Frantziarekiko mugaraino iristen da. Zornotzan ordainlekua du autobide horrek.
Horrez gain, hainbat autobus konpainia eta Eusko Trenbideak-en Bilbo-Donostia lineak ere udalerritik igarotzen dira.