‘Heldu Kulturari Zornotzan’: Amorebieta-Etxanoko kultur elkarte eta eragileen arteko topagunea

Ekitaldia martxoaren 23an izango da, 12:00etan, Zelaieta Zentroan; ekitaldia bera inflexio puntu izatea espero da, Amorebieta-Etxanoko tokiko kulturaren lanketan eta parte hartzean.

Amorebieta-Etxanoko Udalak ‘Heldu Kulturari Zornotzan’ ekimenaren berri eman du gaur prentsaurrekoan. Aurkezpenean izan dira Ainhoa Salterain alkatea, Koldo Bilbao Kultura, Kirol eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzia, Aritz Labrador, Zornotzako Musika Bandako zuzendaria, eta Ana Saratxaga, Abes Kimu Abesbatzaren ordezkaria.

Ainhoa Salterain: “Gure kulturaren norabidea elkarrekin definitzea, elkar hobeto ezagutzea eta etorkizunerako erronkak ezartzea ahalbidetuko du ‘Heldu Kulturari Zornotzan’ ekimenak”
Ainhoa Salterain alkateak hartu du hitza eta ekimen honen garrantzia azpimarratuz hasi du agerraldia: “Udaletik, funtsezkotzat jotzen dugu gure kultura sustatzea eta balioan jartzea. Abes Kimu Abesbatza eta Zornotzako Musika Banda, Udalarekin lankidetza estuan, izan dira proposamen berritzaile honen sustatzaileak. ‘Heldu Kulturari Zornotzan’ programaren helburua da Amorebieta-Etxanoko kultur elkarte eta eragileentzako topagune bat sortzea, elkarrekin gure kulturaren norabidea zehazteko, elkar hobeto ezagutzeko eta etorkizunerako erronkak ezartzeko. Horrelako ekimenak funtsezkoak dira gure kultura-ehuna dinamizatzeko eta garapenerako eta lankidetzarako bide berriak zabaltzeko”.

Salterainek azaldu duenez, ‘Heldu Kulturari Zornotzan’ ekitaldia martxoaren 23an izango da Zelaieta Zentroan, eta inflexio-puntu bat izatea espero da, Amorebieta-Etxanoko kulturaren lanketan eta parte hartzean: “horrelako proiektuak babestea gure lehentasunetako bat da. Tinko sinesten dugu kulturak gizartea aldatzeko eta gure komunitatea bateratzeko eragile gisa duen boterean. Amorebieta-Etxanoko kultur sarea osatzen duten kolektiboak ekimen honetan parte hartzera eta Amorebieta-Etxanoko kultura aberasten laguntzera gonbidatu nahi ditugu gaurkoan. Elkarrekin etorkizuna lantzera”.

Koldo Bilbao: “Kulturak gure gizartearen garapenaren funtsezko zutabeetako bat izaten jarraitu behar du
Bestalde, Koldo Bilbao Kultura, Kirol eta Herritarren Segurtasuneko zinegotziak azaldu du Amorebieta-Etxanoko Udalak eta herriko kultur eragileek harreman zuzena dutela, eta elkarlan hau horren adibide dela: “ziur gaude kulturak gure gizartearen garapenaren funtsezko zutabeetako bat izaten jarraitu behar duela. Hori dela eta, ‘Heldu Kulturari Zornotzan’ ekimena aukera bat da konpromiso hori indartzeko eta gure kultur sarea osatzen duten erakunde guztien arteko lankidetza eta trukea sustatzeko”.

Horrela, Bilbaok azpimarratu du datorren martxoaren 23rako antolatzen ari garen ekitaldiak, zalantzarik gabe, Amorebieta-Etxanon kultura lantzeko eta sustatzeko modu berri bati emango dio hasiera: ” Ekimena eguerdiko 12:00etan hasiko da proiekzio batekin, kulturaren definizioa lantzea izango dugu helburu, eta baita kultur sarearen osotasunaren perspektibak eta herri-kulturgintza  ere, guztia Joseba Lopezortegaren eskutik. Joseba Lopezortega zornotzarra izateaz gain, Eusko Jaurlaritzako Kultura Kontseiluko kidea ere bada. Sarrera horren ondoren, gure helburuak lortzeko diseinatutako hainbat dinamikatan murgilduko gara, eta bazkariaren ondorengo jarduera berri batekin amaituko dugu ekimena. Bertan, aztertuko dugu: nola elkar lagundu, elkarrekin antola daitezkeen iniziatibak, kultur kolektiboen beharrizanak, beldurrak, elkarte bakoitzaren, plataforma irekia… Gure elkarte eta erakunde guztien arteko interakzioa eta lankidetza indartzea da helburu nagusia. Hori izango da kultur arloan elkarrekin eraiki nahi dugun etorkizuna definitzeko abiapuntua, zornotzar kultur sareko kolektibo gisa”.

Amaitzeko, Koldo Bilbaok parte hartzera animatu ditu kultur eragile eta kolektiboak: “bertan elkar ikustea gustatuko litzaidake, ekimen honetan aktiboki parte hartzea zuek guztiok. Elkarrekin Amorebieta-Etxanoko kultura zaintzeaz gain, loratu, berritu eta bizi garen garaira egokituko dugu”.

Aritz Labrador: “Bakoitzak egiten dituen jarduerak gertutik ezagutu nahi ditugu, elkarri nola lagun diezaiokegun aztertu eta, batez ere, ezagutza partekatzeko plataforma bat eraiki”
Aritz Labradorrek, Zornotzako Musika Bandako zuzendariak, ‘Heldu Kulturari Zornotzan’ ekimena azaldu du agerraldian: “proiektu hau Abes Kimu Abesbatzarekin eta Amorebieta-Etxanoko Udalaren laguntzarekin sortu da, gure herriko kultur sarearen aberastasunari eta, batzuetan, ikusezintasunari buruzko hausnarketa sakon eta partekatu bat du abiapuntu. Amorebieta-Etxanon, gure herriko kultur bizitza aberasteko lan nekaezina egiten duten elkarte eta kolektibo ugari daude, horietako asko borondatez aritzen direnak. Bada garaia elkarte horiei merezi duten aitortza ematekoa, haien arteko lankidetza-esparru estuagoa sustatuz eta erakundeen laguntza bultzatuz”.

‘Heldu Kulturari Zornotzan’ programaren helburu nagusia da Amorebieta-Etxanoko kultur elkarteen arteko topagune eta elkarrizketarako gune bat sortzea: “bakoitzak egiten dituen jarduerak gertutik ezagutu nahi ditugu, elkarri nola lagun diezaiokegun aztertu nahi dugu, eta, batez ere, ezagutza partekatzeko plataforma bat eraiki nahi dugu, etorkizuneko lankidetzetan pentsatzeko aukera emango diguna. Ekitaldi honen helburua ez da soilik eragile kulturalen arteko interakzio soziala sustatzea, baita ere gure komunitatearen garapen kulturala indartu eta garai desafiatzaile hauetan suspertzea erraztuko duten jarduera komunak lantzea eta planifikatzea”.

Amaitzeko, azaldu du, ‘Heldu Kulturari Zornotzan’, funtsean, gonbidapen irekia dela herriko kultur elkarte guztientzat, elkar ezagutzeko, elkarri eragiteko eta elkarrekin pentsatzeko Amorebieta-Etxanoko etorkizun kulturalean: “gure ustez, elkarlanaren eta elkarrekiko laguntzaren bidez, edozein oztopo gainditu dezakegu, eta gure tokiko kulturak bizirik mantentzeaz gain, aurrera egitea eta aberastea ere lor dezakegu. Ziur nago ekitaldi honek gure herrian lankidetza kulturalaren aro berri baten hasiera markatuko duela, ahots bakoitzak bere espazioa aurkitzea dugu helburu, eta ahalegin bakoitzak etekin bat izatea”.

Ana Saratxaga: “Zuen zain izango gara ‘Heldu kulturari Zornotzan’ ekimenean, etorkizunean gozatuko ditugun kultur proiektuak ereiteko aukera emango duten loturak sortzeko foroan”
Abes Kimu Abesbatzako Ana Saratxagak, berriz, galdera hauekin ekin dio bere hitzaldiari: “Abes Kimu Abesbatzan dudan lekutik, beti galdetu izan diot neure buruari nola defini genezakeen Amorebieta-Etxanoko giro kulturala. Nola definituko genuke Amorebieta-Etxanoko giro kulturala? Nola hobetu dezakegu? Zer kultur jarduera falta zaizkigu? Nola erakar ditzakegu belaunaldi berriak gure kultur elkarteetara? Nola aldatu da Amorebieta-Etxano azken urteotan, eta nola egokitzen ditugu gure kultur proposamenak aldaketa horietara?”.

Amorebieta-Etxanoko kultur elkarteetan parte hartzen dugunontzat, hauek dira gure proiektuetan pentsatzen dugunean edo gure artean hitz egiteko aukera dugunean sortzen diren galderetako batzuk: “arazoak eta erronkak antzekoak dira, zalantzarik gabe. Gure jarduerak aurrera ateratzeko gogoa, lana eta ilusioa ere berdinak dira. Azken urteetan bide hori egin duten gure herritarrengandik ikasi nahi genuke, horietako batzuk hamarkada askotan zehar egin baitute lan, gure proiektuak gaur egun hazten ari diren zorua eurek erein baitute”.

Horrela jarraitu du Saratxagak: “Gure ustez, bide hori sortzeko modurik onena da gure artean elkarlanean aritzea, elkar ezagutzea eta loturak sortzen hastea; gure errealitateak partekatzea da lehen urratsa. Horregatik, jardunaldi bat proposatzen dugu, gaur gure kultura nolakoa den partekatzeko, ikasteko eta ezagutzeko, eta gure etorkizuneko proiektuen haziak landatzen hasteko”.

Saratxagak kultur eragileak gonbidatuz eman dio amaiera agerraldiari: “zuen zain izango gara ‘Heldu kulturari Zornotzan’ ekimenean, etorkizunean gozatuko ditugun kultur proiektuak ereiteko aukera emango duten loturak sortzeko foroan”.