Harrera ezin hobea jaso du Amorebieta-Etxanoko emakumeen kartzelan oinarritutako “Ikusezinak” dokumentalaren estreinaldiak

Zornotza Aretoan estreinatu zen atzo frankismo garaian herriko kartzelan egon ziren emakumeen ahotsak berreskuratzen dituen dokumentala, herriko Memoria Historikoaren Astearen baitan antolatutako ekitaldian. Bertan izan ziren, espetxeratuak izan ziren emakumeen senitartekoak.

Datorren astean bi saio gehigarri eskainiko dira: hilaren 20an lehena eta 23an bigarrena.

“Ikusezinak” dokumentalaren estreinaldia jaso zuen atzo Zornotza aretoak, Amorebieta-Etxanoko Memoriaren Astearen baitan antolatutako ekitaldi hunkigarri bezain berezian. Dokumentalak harrera ezin hobea izan zuen; gonbidatuen artean izan ziren, esaterako, frankismo garaian herriko espetxean preso egondako emakumeen senitartekoak, horietako batzuk, Toledoko Tembleque udalerritik etorriak.

“Ikusezinak” Amorebieta-Etxanoko espetxean preso egon ziren emakumeen ahotsak berreskuratzen dituen ikus-entzunezko lana da eta errepresioa eta sufrimendua nagusi izan ziren garaiko istorio ezkutuak azaleratzen ditu. Hala, dokumental honek emakume horien erresistentzia eta indarra omentzen ditu, testuinguru gogor eta bortitz hartan haien borroka eta sufrimenduari balioa emanez.

Dokumentalak emakume presoen senitartekoen zuzeneko testigantzak jasotzen ditu, baita garaiko historialari eta adituenak ere, emakume horien esperientziei ahotsa emanez. Horien artean kokatzen da Temblequeko Angelina Gonzálezen testigantza hunkigarria. Haren amaren maitasun gutunak, kartzelatik idatziak, abesti baten doinuekin batera heldu dira gaur arte eta dokumentalak ahotsa jartzen die horiei guztiei, inoiz ahaztuak izan ez daitezen.

Amorebieta-Etxanoko kartzela gaur egun El Carmelo ikastetxea kokatzen den eraikinean egon zen. Sufrimendu handiko lekua izan zen; bertan espetxeratuta zeuden emakumeek “bizien hilerria” bezala izendatu zuten. Espetxeko bizi-baldintza negargarriak, gosea, jende pilaketak eta higiene falta ziren bertako ezaugarri nagusiak eta xehetasunez deskribatzen dira guztiak Baleukok ekoiztutako dokumental honetan.

Amorebieta-Etxanoko historiaren kapitulu ilun horren inguruan hausnartzeko ez ezik, estreinaldi ekitaldiak baldintza horietan bizi eta eutsi zuten emakumeen oroimena aitortu eta ohoratzeko balio izan zuen. Proiekzioaren ondoren, Zornotza Aretotik kanpo musika-saio bat egin zen, hausnarketarako eta errekonozimendurako espazioa sortuz.

Bi saio gehigarri

Bertaratzerik izan ez zutenentzat, dokumentalaren beste bi emanaldi eskainiko dira maiatzaren 20an, 18:00etan, eta maiatzaren 23an, 20:00etan, areto berean. Hala, pertsona gehiagok izango dute Amorebieta-Etxanoko historiaren zati garrantzitsu (eta ia ahaztua) ezagutzeko eta horren inguruan hausnartzeko aukera.

Estreinaldiko argazkiak