Gorbeiako ur jauziak ezagutzeko lau ibilaldi egingo dira maiatzean, ‘Ibiliaz Ezagutu’ egitasmoaren baitan

Irteerak maiatzaren 4an, 11n, 18an eta 25ean egingo dira, Gorbeiako parke naturala, ondarea eta bereziki ur-jauziak ezagutzeko eta parte hartzeko izena aurrez eman behar da.

Bere izenak ondo adierazten duen bezala, ‘Ibiliaz Ezagutu’ ekimenak helburu du, ibilaldi desberdinek bitartez, eskualdeko paisaia eta monumentuak ezagutzea eta horiez gozatzea.

Helburu hori oinarri hartuta sortu zuen, hain zuzen, Amorebieta-Etxanoko Udalak ekimen hori eta horri jarraiki, oraingoan, Gorbeiako ur-jauziak ezagutzeko lau ibilaldi antolatu ditu maiatzean.

Irteerak larunbatetan egingo dira, hilaren 4an, 11n, 18an eta 25ean egingo dira, hurrenez-hurren, eta, esan bezala, helburu izango dute Gorbeiako parke naturala, bertako ondarea eta, bereziki, ur-jauzien lilura hori gertutik ikusi eta ezagutzea.

Ibilaldien xehetasunak

Lehen ibilaldian Altubera egingo da 10 kilometroko txangoa. Gorbeiako paraje hau Euskal Herriko bigarren basorik handiena da eta parte-hartzaileek, bere handitasunak eta bertako txoko zein bazterrez gozatzeko aukera izango dute.

Maiatzaren 11n, halaber, Izarra-Izarra ibilaldia egingo da, 11 kilometrokoa. Gorbeiako leku ezezagunetarikoa bada ere, ezagutzen duen oro maitemintzen duen parajea da. Hilaren 18an, Bizkaiko leku basatienetako batera joko dute parte-hartzaileek, Urigoitira, alegia, aspaldiko ubideak zeharkatu eta bertako haitz erraldoiak ezagutzeko. Ibilaldi honek 12 kilometroko ibilbidea du, zailtasun ertainekoa.

Azkenik, maiatzaren 25ean, Arraldera txangoa eginez emango zaio amaiera ‘Ibiliaz Ezagutu’ren baitan maiatzerako antolatutako ibilaldi sortari. Parte-hartzaileak parke naturalean gordin-gordinik murgilduko dira 12 kilometroko ibilbide honetan.

Irteera guztiak goizeko 08:00etan abiatuko dira Nafarroa parkinetik. Bestalde, antolatzaileek gogorarazi dute ibilbideak azken unean moldatu daitezkeela, hauek egokiagoak edo ederragoak izate aldera.

Izen-ematea

Irteera hauetan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute aldez aurretik, Zelaieta Zentroan, horretarako azken eguna irteera bakoitzaren aurreko osteguna izanik. Prezioa 8,25 euroko da irteera bakoitzeko eta beharrezkoa da Ametx txartela izatea.