Familia zornotzarren beharrak ezagutu eta jasotzeko galdetegia osatu du Amorebieta-Etxanoko Udalak

‘Arkalaz, Herrigintzan bat!’ ekimenaren baitan kokatuta, partaidetza prozesu honen bitartez, galdetegia ohiko postaz bidaliko zaie 0-18 urte bitarteko haurrak dituzten herriko familia guztiei, fisikoki edo modu digitalean, QR bidez, erantzun dezaten. Galdetegia gurasoek zein haurrek erantzun dezakete.

Helburua da egungo udal zerbitzuak, jarduerak eta azpiegiturak herriko familien errealitatera, beharretara eta lehentasunetara egokitzen jarraitzea.

Zornotzako familien ongizatea bermatzea da Amorebieta-Etxanoko Udalaren konpromiso nagusietako bat. Horri jarraiki, etengabeko lana egiten du udalerria hobetu eta udal politikak, azpiegiturak eta espazio publikoak familien behar desberdinetara (aisialdia, berdintasuna, hezkuntza…) egokitzeko.

Abiapuntu eta helburu horri helduta, oraingoan, parte-hartze prozesu bat jarri du martxan, ‘Arkalaz, Herrigintzan bat!’ ekimenaren baitan kokatuta. Horren bidez, familia zornotzarrei zuzendutako galdetegi bat prestatu du, euren beharrak ezagutu eta guztien ideiak eta proposamenak jasotzeko, elkarrekin hazten jarraitzeko helburuz.

Hori horrela, herritarren parte-hartzeak politika publiko eraginkorren diseinuan duen garrantziaz jabetuta, galdetegi horren bidez, familia zornotzarrei beren iritziak eta herria hobetzeko iradokizunak partekatzeko gonbitea luzatzen die Udalak. Horretarako, posta arruntez bidaliko zaie galdetegia 0-18 urte bitarteko haurrak dituzten familia guztiei eta hauek fisikoki zein modu digitalean erantzun ahal izango diote honi, horretarako ahalbidetuko zaie QR kodearen bidez. Kode hori etxean jasoko duten gutunean izango dute eskuragarri. Galdesortari formatu fisikoan erantzunez gero, frankeoa duen gutunazal batean sartu eta Correoseko postontzi batean bota beharko dute.

Horren harira, galdetegia gurasoek zein haurrek erantzun dezaketela azpimarratu nahi du Udalak, guztien beharren ikuspegi integralagoa lortze aldera. Bere aldetik, Amorebieta-Etxanoko Udalak jasotako proposamenen bideragarritasuna aztertzeko konpromisoa hartu du, herritarren beharretara egokituago egongo den etorkizun inklusibo baterantz aurrera egiten jarraitzeko.

Zornotzako familiak zaintzea, lehentasunezkoa
Azken ekimen horretaz gain, Amorebieta Etxanoko Udalak haur, nerabe eta familiei zuzenduriko hainbat programa eta jarduera ditu abian, arlo desberdinetan (hezkuntza, aisialdia, prebentzioa…).

Era berean, udal azpiegiturak familien beharretara egokitzen ari da. Horretarako, adibidez, Andra Mari plazako eta Zelaietako parkeak estali ditu eta, datozen hilabeteotan Zubiondo parkeko jolas-gunea estaltzeko asmoa du. Horrez gain, aisialdirako gune berriak ere sortu ditu, hala nola Boroako eta Bernagoitiko parkeak, Zubiondo parkeko Skate Park-a eta Gure Kiroletako Pump Truck-a.