Eskola Bideak ekimena abiatuko da irailean Amorebieta-Etxanon

Amorebieta-Etxanoko Udalak udalerriko ikastetxeekin lankidetzan ibilbide seguru eta jasangarriak diseinatu ditu, herriko ikasleak, oinez,  modu seguru, jasangarri eta osasungarrian joan daitezen beren ikastetxeetara 

Eskola Bideak proiektua irailean abiatuko da eta ikasleek begiraleez lagunduta egingo dituzte ibilbideak horiek ikasten dituzten arte

Amorebieta-Etxanoko Udalak, herriko ikastetxeekin elkarlanean eta ekimena Agenda 2030 programan landu ondoren, Eskola Bideak proiektua jarriko du abian irailean, ikasturte berria hastearekin batera. Helburua da herriko ikasleak oinez joatea beren ikastetxeetara, modu seguru, jasangarri eta osasungarrian.

Proiektua bera eta ibilbideak hezkuntza-komunitatearekin lankidetzan diseinatu dira. Ibilbide horiek ikasleak beren ikastetxeetara modu seguruan joateko pentsatuta daude, horrela kutsadura murriztuz eta bizimodu osasungarriagoa sustatuz. Horretarako, bide seguruak identifikatu dira herrian eta elkarguneak zehaztu dira, ikasleen etxebizitzak eta ikastetxeen kokapena kontuan hartuta, ahalik eta eraginkorrenak eta seguruenak izan daitezen. Zentro bakoitzak bere ibilbidea izango du, eta elkarguneak, leku estrategiko, seguru eta eremu irisgarrietan kokatu dira. Ikasleak, beraz,  ezarritako elkarguneetan bilduko dira eta elkarrekin joango dira beren ikastetxeetara.

Ikasleek begiraleen laguntza izango dute ibilbideak barneratu eta ikasi arte. Begiraleak ibilbide bakoitzaren hasieran egongo dira, eta, beraz, begiraleak arduratuko dira ikasleak elkarguneetan jaso eta ikastetxeetaraino laguntzeaz. Elkarguneak kartel batzuekin seinaleztatuta egongo dira, eta horiek identifikatzeko erabiliko den irudia udalerriko ikasleek aukeratu dute, 2030 Eskola Agendaren udal-foroan bozkatuta.

Proiektuaren helburuak

Proiektu horri esker, ikasleak modu seguru eta jasangarrian joango dira eskolara, eta, horrez gain, ikasleen, udalaren eta, oro har, komunitate osoaren arteko lankidetza sustatuko da, Eskola Bideak proiektuak arrakasta izan dezan elkarlana ezinbestekoa izango delako. 

Beraz, proiektuak hainbat helburu ditu: batetik, ikasleen segurtasuna bermatzea eskolara doazen bitartean; ibilbide jasangarriak proposatzea, kutsatzen ez duten garraiobideen erabilera bultzatuz; gurasoen, ikasleen eta irakasleen parte-hartzea sustatzea; eta ikasleen osasuna hobetzea, oinez edo bizikletaz proposatutako ibilbideak eginez.

Proiektua hasi eta hilabetera, ekimenaren ebaluazioa egingo da, inkesta eta elkarrizketen bidez, proposamenak jasotzeko eta hobekuntzak txertatzeko. 

Elkarguneak eta ibilbideak ikastetxe bakoitzeko

  • Larrea eskola, sarrera ordua 9:30

Elkargunea Herriko plaza eta ibilbidea: Herriko plaza (9:05)-Luis Urrengoetxea kalea  (9:05)-Euskal Herri enparantza (9:08)-Larrea erreka  (9:12) -Larrea eskola (9:25). 

  • Andramari ikastola, sarrera ordua 8:55

Elkargunea herriko plaza eta ibilbidea: Herriko plaza (8:25)-Luis Urrengoetxea kalea (8:25)-Euskal Herri enparantza (8:28)-Larrea erreka (8:32-Andramari ikastola (8:50). 

  • Karmengo Ama ikastetxea, sarrera ordua 8:55

3 ibilbide: 

  1. Elkargunea Gudari kalea eta ibilbidea: Gudari kalea (8:45) – Karmengo Ama ikastetxea (8:50)
  2. Elkargunea Sabino Arana kalea eta ibilbidea: Sabino Arana kalea (8:40)- Ibaizabal kalea (8:45)- Karmengo Ama ikastetxea (8:50).
  3. Elkargunea Osasun zentroa eta ibildea:  Osasun zentroa (8:35), Gernikako plaza (8:37), Zubiondo parkea (8:40), Enrike Renteria kalea (8:42)- Karmengo Ama ikastatxea (8:50).
  • El Carmelo ikastetxea, sarrera ordua 8:55

3 ibilbide: 

  1. Elkargunea Gudari kalea eta ibilbidea: Gudari kalea (8:40)-Sabino Arana kalea (8:43)- El Carmelo ikastetxea (8:50). 
  2. Elkargunea San Pedro Kalea eta ibilbidea: San Pedro kalea (8:40)- Sabino Arana klea (8:43)- El Carmelo ikastetxea (8:50).
  3. Elkargunea Zubiondo parkea eta ibilbidea: Zubiondo parkea (8:40)- Gernikako plaza (8:42), Osasun zentroa (8:45)- Arraibi plaza (8:47) -Carmelo ikastetxea (8:50).

Eskola Bideak eskuorria