Errege Kopako finala zuzenean ikusi ahal izango da Zelaietan, pantaila erraldoi batean

Udalak 6×4 metroko pantaila jarriko du bertan, eta finalaren emanaldiarekin batera haurrentzako jarduerak, musika eta sariak eskainiko ditu 19:30etik aurrera.

Udalak herritarrak gonbidatzen ditu kirol ekitaldi hau elkarrekin bizitzera.

Datorren larunbatean, apirilak 6, Errege Kopako finala jokatuko da Sevillan, Athletic Cluben eta Real Mallorcaren artean.

Talde bizkaitarraren partehartzearen harira kirol ekitaldi honek piztu duen ikusmina dela eta, Amorebieta-Etxanoko Udalak 6×4 metroko pantaila erraldoia jarriko du Zelaieta parkean, bi taldeen arteko finala zuzenean emateko.

Partidua 22:00etan hasiko den arren, Zelaietako jardunaldia 19:30etan hasiko da, familian gozatzeko antolatutako ekintzekin. Horrela, etxeko txikienek futbolean jolastu, eskulanak egin edota aurpegia margotu ahal izango dute horretarako antolatutako aurpegiko pintura-tailerrean.

Partiduaren aurretik, atsedenaldian eta amaieran, halaber, DJ bat arituko da giroa alaitzen, modu horretara, Zelaieta ospakizunaren agertoki bilakatuz. Gainera, Udalak hainbat sari banatuko ditu eta Athleticen produktu ofizialak ere zozketatuko ditu bertaratzen diren pertsonen artean.

Azpimarratzekoa da ekitaldia zutik gozatzeko diseinatuta dagoela, bertaratzen diren guztiei partiduaren emozioa modu dinamiko eta parte-hartzaileagoan bizitzeko gonbita eginez.