Emakumeen artean osasuna eta kirola sustatzeko egitarau berezia antolatu du Amorebieta-Etxanoko Udalak ekainaren 2rako

“Emakumeon kirola eta osasuna” lelopean, eta Emakumeen Osasunaren Nazioarteko Ekintza Egunaren harira, hainbat kirol demostrazio parte-hartzailea egingo da igandean, Zelaieta parkean, herriko erakunde eta emakume kirolarien eskutik, emakumeen osasunaren garrantziaz zornotzarrak kontzientziatzeko.

Asteartean, maiatzak 28, Emakumeen Osasunaren Nazioarteko Ekintza Eguna ospatu zen eta ospakizun horretatik abiatuta, hainbat jarduera antolatu ditu Amorebieta-Etxanoko Udalak igande honetarako, ekainak 2. Hala, “Emakumeon kirola eta osasuna” lelopean, kirol demostrazio parte-hartzailea egingo da, herriko erakunde eta emakume kirolarien eskutik, emakumeen artean osasuna eta kirola sustatzeko.

Emakumeen Osasunaren aldeko Nazioarteko Ekintza Eguna urtero ospatzen da, emakumeen osasunaren garrantziaz kontzientziatzeko eta emakumeek arlo horretan dituzten arazoak eta erronkak nabarmentzeko. Egun hau adin guztietako emakumeen artean kalitatezko osasun-zerbitzuetarako sarbidea bermatzeko eta praktika osasungarriak sustatzeko beharraz ohartarazteko aldarrikapen eguna da.

Ekintza egitarau anitz bezain zabala Zelaieta parkean

11:00etan emango zaio hasiera eguneko ekintza egitarauari, Egokitzapen Fisiko Orokorreko (EFO) saioarekin, Gimnasia AFG taldearen eskutik.  Ondoren “Mangamore” karate erakustaldia eskainiko du Ukabidea Klub Zornotzak, 12:00etan. 12:30ean, Royal Boxing TM taldeak boxeo klasea eta erakustaldia egingo ditu da eta aldi berean, 12:00etatik 13:00etara bitartean, Hot Shots Hockeyko taldearekin eta Larrea 400 atletismo taldearekin jarduerak egingo dira, luzera jauzi eta saltoak zein hockey praktikak barne. Jardunaldiari amaiera emateko, 13:00etatik 14:00etara, zumba saio bat egingo da.

Jarduera horiek, ariketa fisikoa eta ohitura osasungarriak sustatzeko ez ezik, emakumeen osasuna zaintzearen garrantziari buruzko topaketa- eta hausnarketa-gune bat eskaintzeko ere diseinatuta daude. Horrela, Amorebieta-Etxanoko Udalak emakumeen ongizatearekin duen konpromisoa azpimarratu nahi du, bizitza osasungarria sustatzen duten baliabideak eta jarduerak erraztuz.