Ekonomia sozial eta solidarioa ardatz duen erakusketa berria ikusgai Zelaieta Zentroan

KIDENDAk, Oikocredit Euskadik eta Finantza Etikoak elkarteak antolatutako erakusketak finantza etikoen eta bidezko merkataritzaren eragin eraldatzailea nabarmentzen du, eta, aldi berean, kontsumo eta aurrezki erabaki arduratsuen inguruko gogoeta bultzatzen du.

Erakusketa ekainaren 3tik 19ra egongo da zabalik Zelaieta Zentroko lehen solairuan.

Principio del formularioGaurtik aurrera ikusgai dago, Zelaieta Zentroko lehen solairuan “Finantza etikoen eta bidezko merkataritzaren eragin eraldatzailea” erakusketa berria. KIDENDA elkarteak Oikocredit Euskadirekin eta Finantza Etikoen Elkartearekin elkarlanean antolatutako erakusketa hau ekainaren 19ra arte egongo da zabalik, eta ekonomia sozial eta solidarioaren garrantzia azpimarratzen du.

Hala, erakusketak ekonomia sozial eta solidarioaren funtsezko bi espazio batzen ditu: finantza etikoak eta bidezko merkataritza, historikoki elkarren eskutik joan direnak, elkar elikatuz eta indartuz. Ibilbidean zehar, bisitariek bizitza etikoaren ereduarekin bat datozen kontsumo eta aurrezki-erabakiak hartzeko jarraitu beharreko bidea ezagutu ahal izango dute. Izan ere, eguneroko erabakiek, ingurune hurbilari eragiteaz gain, Hegoaldeko komunitate globaletan ere eragin nabarmena dute eta hori da, hain zuzen, erakusketa honen helburu nagusia, alegia, justizia soziala eta garapen iraunkorra sustatzen duten kontsumo eta aurrezki praktika arduratsuak hartzearen garrantziaz herritarrak kontzientziatzea.

Horrela, informazio-panelen eta erakusketa interaktiboen bidez, erakusketak eguneroko ohiturek mundu bidezkoago eta iraunkorrago batean lagun dezaketela erakusten du.

Bilduma berriak, beraz, beren eguneroko erabakien eraginari buruz hausnartzera gonbidatuko ditu ikusleak, eta kontsumo kontzienteago eta solidarioago baterako mugimendu global batean parte hartzeko aukera ere emango die, gure finantza eta kontsumo-praktiketan ikuspegi etikoak duen garrantzia azpimarratuz.

Finantza etikoen eta bidezko merkataritzaren inguruko hitzaldia

Erakusketaz haratago, ekainaren 6an finantza etikoa eta bidezko merkataritza oinarri izango dituen hitzaldia ere eskainiko da, arratsalde 18:30ean, Zelaieta Zentroko sukaldean. Hitzaldian, hain zuzen, erakusketaren bitartez islatu nahi dena indartuko da, bi errealitate hauek ezagutzera emanez.