Ekintza ugari, Tabakorik Gabeko Munduko Egunaren harira

Datorren ostiralean, maiatzak 31, Amorebieta-Etxanoko Adikzioen Prebentzio Zerbitzuak Tabakorik Gabeko Munduko Eguna aprobetxatuko du herritarrak informatzeko eta gazteen artean tabakoaren eta zigarreta elektronikoaren kontsumoari buruzko prebentzio-tailerrak egiteko.

Datorren ostiralean, maiatzak 31, Tabakorik Gabeko Munduko Eguna ospatuko da, eta Amorebieta-Etxanoko Adikzioen Prebentzio Zerbitzuak hainbat ekintza antolatu ditu herritarrei tabakoak eta zigarreta elektronikoek osasunean duten eraginaren berri emateko.

Horretarako, egun horretan bertan karpa bat jarriko da Amorebieta-Etxanoko Osasun Zentroan, 10:30etik 13:30era, Osasun Zentroarekin eta Amorebieta-Etxanoko Minbiziaren Aurkako Elkartearekin lankidetzan. Bertan tabakoak eta zigarro elektronikoek osasunean eta ingurumenean duten eraginari buruzko informazioa emango da, baita tabakoaren kontsumoa uzteko dauden baliabideen ingurukoa ere, besteak beste.

Izan ere, tabakoa da gaur egun helduen eta gazteen artean gehien kontsumitzen den substantzietako bat, alkoholarekin eta marihuanarekin batera. Azken urteotan, gainera, zigarro elektronikoen kontsumoa nabarmen handitu da, batez ere gazteenen artean, eta datuen arabera, gero eta gazteago hasten dira, gainera, substantzia horiek kontsumitzen. Horregatik, Amorebieta-Etxanoko Adikzioen Prebentzio Zerbitzuak garrantzitsutzat jotzen du gazteei zuzendutako ekintza zehatzak egitea. Hala, prebentzio-tailerrak egiten ari dira herriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleekin.

Zigarro elektronikoen inguruko azterketak

Gaur egun oraindik ez dago jakiterik zigarreta elektronikoak tabakoa baino hobeak diren ala ez; izan ere, tabakoaren enpresek ordaintzen dituzte, batez ere, horien inguruko ikerketa asko. Dena dela, zigarro elektronikoek ere adikzioa sortzen dutela frogatu dute ikerketa horiek, erretzen diren substantzia batzuek nikotina ez badute ere, substantzia toxikoak dituztelako. Horrez gain, erretzeko ohitura ere sustatzen dute.

Bestalde, ez dago frogatuta erretzeari uzten laguntzen dutenik; aitzitik, ohitura errotzen dute, eta gazteen artean tabakoa kontsumitzen hasteko lehen urratsa bilakatzen ari dira. Gainera, Cancer Research-en zabaldu berri diren aurkikuntzek gailu horien erabilerak epe luzera kalte potentziala izan dezakeela erakusten dute, tabakismo tradizionalaren eraginen antzeko alterazio kaltegarriak eragin baititzakete DNAn.