Bizkaiko Txirrindulari Federazioak Amorebieta-Etxanoko Udala nabarmendu du “txirrindularitzaren alde egindako apustu garrantzitsuagatik”

Bizkaiko Txirrindularitzaren 2023ko Galan jaso du oroigarria Udalak

Amorebieta Txirrindulari Elkarteak omenaldia jaso zuen Bizkaian proba federatuak antolatzen dituzten klubekin batera

SC Amorebieta taldeko Alain Villardón eta Aratz Ruiz ere saritu zituzten, Udaberri kopan lehen eta bigarren postuak lortzeagatik

Bizkaiko Txirrindulari Federazioak 2023 Gala ospatu berri du, eta besteren artean, Amorebieta-Etxanoko Udala nabarmendu du “txirrindularitzaren alde egiten duen apustu garrantzitsuagatik”. Aurten Bizkaian egin diren 120 txirrindularitza proba federatuetan modu batera edo bestela lagundu duten pertsonak, taldeak eta erakundeak saritzea izan da ekitaldiaren helburua.

Amorebieta-Etxanoko Udalak apustu garrantzitsua egiten du urteko txirrindularitzaren alde, eta horren adibide izan da, esaterako, aurten Tourraren hirugarren etapa Amorebieta-Etxanon hasi izana ere. Hala, Bizkaiko Txirrindulari Federazioak Amorebieta-Etxanoko Udalak urtero kirol honen alde egiten duen apustua nabarmendu eta saritu nahi izan du. Amorebieta-Etxanoko Udalak eskerrak ematen dizkio Federazioari, eta elkarrekin lankidetzan Bizkaiko txirrindularitza bultzatzen eta indartzen jarraitzeko konpromisoa azpimarratu du.

Halaber, Amorebieta Txirrindulari Elkarteak merezitako omenaldia jaso zuen 2023ko Galan, Bizkaian proba federatuak antolatzen dituzten gainerako klubekin batera.