Bizkaiko suhiltzaileen ikasgela mugikorra Amorebieta-Etxanon izango da igandean, maiatzak 5, suteen prebentzioaren berri emateko

Goizeko 10:30-14:30 bitartean Zubiondo parkean izango dira suteen aurkako segurtasunaren eta auto-babesaren printzipioak erakusten, modu ludiko zein didaktikoan.

Helburua da herritarrak eta bereziki haur zein gazteak suteen aurkako prebentzioaren garrantziaz sentsibilizatzea.

Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileak Amorebieta-Etxanon izango dira datorren igandean, maiatzak 5, herriz-herri bizkaitarrak sentsibilizatzeko diseinatutako eta hornitutako ikasgela mugikorra erabiliz, suteen aurkako segurtasunaren eta autobabesaren printzipioak erakusteko.

Bisitaldi hau Bizkaiko Foru Aldundiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuak (PSSZ) lurraldeko zenbait eskualdetara egingo dituen irteera kanpainaren baitan jasotzen da. Ekintza hori aipatu zerbitzuaren 50. urteurrena Bizkaiko herritarrekin partekatzeko sortu da.

Prebentzioa eta sentsibilizazioa oinarri

Suhiltzaileek modu ludiko eta didaktikoan eskainiko dituzte ikasgaiak, 10:30-14:30 bitartean, Zubiondo parkean. Horretarako edukiontzi eramangarri zabalgarria erabiliko dute hitzaldiak, adibide praktikoak, tailerrak eta ginkanak egiteko, eta, bestetik, auto-ponpa-kamioi bat ere izango dute.  Uriosteko suhiltzaileek egingo dituzte aurreikusitako jarduerak, eskualdeko erreferentziako suhiltzaile-etxeko, hau da, Iurretako suhiltzaile-etxeko suhiltzaileen laguntzarekin.

Ekintza horien bitartez, suteak prebenitzeko eta suteen aurrean izan beharreko jokabidea lantzeko heziketa zabaldu nahi dute, oinarrizko aholku batzuk helaraziz. Izan ere, funtsezkoa da herritarrek sute baten aurrean nola jokatu behar duten jakitea, beren bizitzak babesteaz gain, suaren hedapena geldiarazteko eta, ondorioz, izan daitezkeen kalteak minimizatzeko. Ekimenaren helburu nagusia da, beraz, herritarrak eta bereziki haur zein gazte suteen aurkako prebentzioaren garrantziaz sentsibilizatzea, etorkizunera begira, larrialdiak saihestu edo gertatuz gero, horien aurrean nola jokatu jakiteko.

Egitaraua

  • 10:30 – 11:30: 6 eta 12 urte bitarteko umeentzako hitzaldia.
  • 11:40 – 12:50: Gazte (12 urtetik gora) eta helduentzako hitzaldia.
  • 13:00 – 14:15: Adin guztietako taldekako ginkana.
  • 14:30: Sari-banaketa eta ekintzaren amaiera.