Bertsoen eta euskararen bueltan elkartu dira gaur Amorebieta-Etxanoko bertsolari gazteak, Mundu bat bertso topaketan

Ekimen honen helburua da gazteak bertso mundura hurbiltzea eta euskarazko ahozko adierazpena sustatzea.

Gaur, maiatzak 27, Zornotza Aretoan elkartu dira Amorebieta-Etxanoko bertsolari gazteak Mundu bat bertso ekimenaren baitan urtero antolatzen den bertso topaketan.

Amorebieta-Etxanoko Udalak, ikastetxeekin lankidetzan, Bizkaiko Bertsozale Elkartearen bidez eskaintzen duen programa da Mundu bat bertso, eta gazteak bertso mundura hurbiltzea eta euskarazko ahozko adierazpena sustatzea du helburu.

Programa honetan herriko ikastetxe guztietako LH5 eta DBH1 bitarteko 11-13 urte arteko ikasleek hartu dute parte (Andra Mari Ikastola, Larrea Eskola, Urritxe Institutua, Karmengo Ama Ikastetxea, El Carmelo Ikastetxea eta Lauaxeta Ikastola), eta ikasturtean zehar bertsotan ikasitakoa jende aurrean erakusteko aukera izan dute Zornotza Aretoan.

Bertso-irakasle izan duten Xabi Irakulisek gidatu du saioa, eta Iruri Altzerreka eta Maite Sarasola bertsolariak izan dituzte gonbidatu. Horrez gain, “Mikelot” musikariak giroa alaitzen eta abesten jarri ditu bertaratutako guztiak.

Emanaldiaren amaieran, Jon Artabe, Idazkaritza, Funtzio Publikoa, Gardentasuna eta Gobernu Onaren zinegotziak eta Sonia Cabezas, Gizarte Ekintza Komunitarioko eta Herritarren Arreta Zerbitzuko zinegotziak, diplomak banatu dizkiete ikastetxeei egindako lan eta eskainitako ekitaldi bikainagatik.

Hemen ekitaldiko argazkiak