‘Bertokoak Berton’ programa hemen da, Euba, San Miguel, Etxano eta Boroa auzoetan egingo diren hamar jarduerekin

‘Bertokoak Berton’ jarduera zikloa asteburuan hasiko da: larunbatean Euban eta igandean San Migelen. Helburua da, inguruko bizilagunei programa berria aurkeztea eta ongietorria ematea; talo dastaketa ere izango da.

Ainhoa Salterain: “ ‘Bertokoak Berton’ programarekin, Amorebieta-Etxanoko Udalak aurrera egin du auzoak integratzeko eta dinamizatzeko ahaleginean”.

Amorebieta-Etxanoko Udalak ‘Bertokoak Berton’ ekimenaren lehen programazioaren berri eman du, udalerriko auzoetako kultur, kirol eta gizarte ekitaldiak dinamizatu eta bateratzeko diseinatutako programa berria. Lehen programazio honek Euba, San Migel, Etxano eta Boroa auzoetan otsailaren 24tik martxoaren 21era bitartean egingo diren hamar jarduera biltzen ditu.

Programazioaren hasiera
‘Bertokoak Berton’ programaren aurreneko ekitaldian, auzokideei programa aurkeztea eta ongietorria ematea izango da helburua, beti ere, talo dastaketa batek lagunduta. Aurreneko ekitaldi hau 12:30etan egingo da aipatutako auzo bakoitzean, ondorengo egutegian: Euban, otsailaren 24an, larunbata; San Migelen otsailaren 25ean, igandea; Etxanon martxoaren 2an, larunbata;  eta Boroan martxoaren 3an, igandea.

Programatutako jardueren artean aurreikusi dira garagardo eta gazta dastaketak, ipuin kontaketak, herentziei eta testamentuei buruzko hitzaldiak eta konstelazioei buruzko tailerrak. Guztiek helburu bera dute: auzoetako bizimodua aberastea eta herriko beste zonalde batzuetako zornotzarrekiko harremana areagotzea.

“Auzoak funtsezko Amorebieta-Etxanon”
Ainhoa Salterain alkateak kultura, gizarte eta kirol jarduerak hirigunetik haratago eramateak duen garrantzia azpimarratu du, auzoak Amorebieta-Etxanoko komunitatearen funtsezko zati bezala aitortuz. “Auzoetara jarduera ezberdinak hurbildu nahi ditugu eta euren jarduera eta ekimenen partaide ere izan nahi dugu”, adierazi du Salterainek, izan ere, “estrategia horrek Udalak auzoen parte-hartzearekin eta garapenarekin duen konpromisoa islatzen du, Amorebieta-Etxanoko eremu desberdinetako bizilagunen integrazio sozial eta kulturala sustatuz”.

IKUSI BERTOKOAK BERTON PROGRAMA