“Berba lapiko” egitasmo berria martxan Udal Liburutegian

Gune berezi bat sortu da, eta hilero gai desberdinak jorratuko dira espazio horretan; liburuak, komikiak, ipuinak… herritarren eskura jartzeaz gain, aukeratutako gaiari buruzko ekintza osagarriak ere antolatuko dira, hala nola, hitzaldiak, erakusketak, ipuin kontalariak…

Uztaileko gaia “Kirola” izango da eta zehazki, olinpiaden gaia jorratuko da

“Berba lapiko” Amorebieta-Etxanoko udal liburutegian sortutako proiektu berri bat da. Ekimen honen baitan, gune bat sortu da eta hilero gai desberdinak jorratuko dira bertan. Gune horretan, liburuak, komikiak, ipuinak eta informazio desberdina jarriko da herritarren eskura, hilabete horri dagokion gaiaren inguruan. Uztaileko gaia, kirola izango da eta zehazki olinpiadak jorratuko dira. 

Gune bizia

Gune bizia izango da, bizitzarekin eta herriarekin zerikusia duten gaiak jorratzea delako ekimen honen helburua. Gainera, hilabete horri dagokion gaiaren inguruan ekintza ezberdinak ere antolatuko dira, hala nola, hitzaldiak, erakusketak, kontzertuak, ipuin kontalariak; herrian bertan egiten diren beste ekintzekin uztartuz. 

Egitasmo berriak “Berba lapiko” izena hartu du bi arrazoiengatik: lehena, berba, hitz, gai, liburu, komiki, amets, jakintza, eta ilusio askoren lapikoa izan nahi duelako eta bigarrena, kontu, berba, eta errealitate anitz eta askoren berri emango digulako.