Behin betiko onarpena eman dio Amorebieta-Etxanoko Udalak espazio publikoen eta kaleko salmentaren ordenantzari eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean urrats garrantzitsua eman du

Ordenantza berriak herriko espazio amankomunen erabilera arautu eta hobetzeko balioko du, bizikidetzaren mesedetan.

Era berean, behin-behineko onarpena eman zaio datozen urteetan Amorebieta-Etxanoko garapen iraunkorra eta orekatua gidatuko duen Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari (HAPO).

Amorebieta-Etxanoko Udalak ohiko osoko bilkura egin du gaur, uztailak 29, eta, eguneko gai zerrendan, espazio publikoa eta kaleko salmenta arautzen dituen ordenantzaren behin betiko onarpena eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren behin-behineko onarpena nagusitu dira.

Espazio komunaren erabilera arduratsua, bizikidetza egokiaren mesedetan

Ordenantzaren onarpenari dagokionez, dokumentu berri honek herriko espacio publikoaren erabilera arduratsua bermatzea du helburu, espazio horien erabilera modu eraginkorragoan arautuz eta bide publikoan elkarbizitzarako oinarriak ezarriz, zornotzar guztien bizikidetza eta irisgarritasuna errazteko.

Izan ere, aurreko araudia 2007. urtekoa zen, eta, Udalak dokumentu hori eguneratu du,  ordenantza berriak udalerriaren zein zornotzarren egungo errealitateari eta beharrei erantzun diezaien.

Hauek dira onartu den ordenantzaren ezaugarri nagusiak:

  • Udal-jardueren bermea: kultur edota gizarte jarduerak orain arte bezala antolatu ahal izango dira, horretarako aurrez Udalari baimena eskatuta, gatazkak saihesteko eta espazioaren erabilera behar bezala antolatzeko.
  • Terrazak arautzea: Ostalaritzako terrazen espazioa berrantolatu da, pandemia osteko aldaketetara egokituz eta ordutegi aldetik bi txanda desberdinduz: urritik maiatzera bat eta ekainetik irailera bestea.
  • Herritarren parte-hartzea: Ordenantza lantzeko garaian herritarrekin eta ostalaritzako profesioalekin batu da Udala, elkarbizitza hobetzeko konpromiso komunitarioa islatuz.

“Ezinbestekoa da herriko jardueraren eta bizilagunen bizikidetzaren eta atsedenaren arteko oreka bilatzea, eta, horretarako, beharrezkoa da espazio publikoaren erabilera arautzea. Gaurkoan Udalak oreka hori mantentzeko funtsezkoa den araudia onartu du, espazio publikoaren erabilera egokia eta ekitaldiak eta jarduerak behar bezala egiten direla ziurtatzeko”, adierazi du Esther Torvisco 2030 Agendarako zinegotziak.

Amorebieta-Etxano herri bizia da, jardueraz betea, eta hala izaten jarraituko du. “Ordenantza honekin herriko espacio publikoetan jarduera desberdinak egiten jarraitu ahal izango da, orain arte egin den bezala. Izan ere, erabilera arautzea ez da inola ere debekatzearen sinonimoa”, argitu du.

Amorebieta-Etxanoren garapen iraunkor eta orekaturako aurrerapauso garrantzitsua

Hiri Antolamendurako Plan Orokorrari behin.behineko onarpena ere eman dio gaurkoan udalbatzak. Plan horren helburu nagusia da Amorebieta-Etxanoko etorkizunaren oinarriak finkatzea.

Anartz Gandiaga hirigintzako zinegotziak adierazi duenez, “HAPOa lantzea prozesu luze bezain konplexua da, baina gure udalerriko ibilbide-orria zehaztea ahalbidetzen digu, pertsonen bizitza hobetzeko, inor atzean utzi gabe. Duela bi urte ekin genion bide horri, eta gaurko behin-behineko onarpenarekin, urrats garrantzitsua eman dugu helburu hori lortzeko bidean “.

Hala, HAPOa behin betiko onartu eta indarrean sartzeko prozesuko azken-aurreko urratsean dago orain Amorebieta-Etxanoko Udala, seigarren fasean,  alegia. “Guztion artean pertsonak erdigunean jartzen dituen hiri-eraldaketa kontrolatu eta jasangarri baterako Plana definitu dugu”.

Elkarrekin, Arkalaz

HAPO berria Amorebieta-Etxanoko bizilagunen laguntzarekin diseinatu da. “Dokumentu hau, elkarrekin, Arkalaz, egitea oso garrantzitsua izan da guretzat, eta, horregatik, plana egiteko prozesuan legeak ildo horretan ezartzen duena baino parte hartze plangintza askoz zabalagoa izan dugu”, azpimarratu du Gandiagak.

HAPOren ezaugarri nagusiak
HAPOk udalerriaren garapen iraunkorra eta orekatua du ardatz. Ezaugarri nagusiak hauek dira:

  • Garapen iraunkorra: Lehendik dauden hiri-inguruneak birgaitu eta berroneratzearen aldeko apustua egiten da, lurzoru berrien okupazioa mugatuz eta hazkunde orekatu baterako zenbait eremu desklasifikatuz.
  • Etxebizitza babestuak: 492 etxebizitza berri aurreikusten dira, eta horietatik 634 babestuak izango dira, udalerriko gazteentzat eta familientzat eskaintza bermatuz.
  • Espazio industrialak eta mistoak: Planak lurzoru industrial berriak eta jarduera mistoak aurreikusten ditu, mugimendu ekonomikoa eta tokiko industriarentzako erakargarritasuna bermatuz.
  • Berdeguneak: Udalerriko eraztun berdea sendotu eta handituko da, parke eta aisialdirako gune berriak sortuz.
  • Genero-ikuspegia eta iraunkortasuna: Dokumentuak genero-ikuspegia eta jasangarritasun energetikoa zeharka integratzen ditu, klima-aldaketaren erronkei aurre eginez.

 

Amorebieta-Etxano bizitzeko herri zoragarria da, oinezkoentzat atsegina, irisgarria, orekatua, ondo komunikatua, sozialki eta ekonomikoki kohesionatua eta oso dinamikoa, eta horrela izaten jarraitzea nahi dugu. Gure gazteek etxebizitza eskuragarriak izatea nahi dugu, gure enpresekiko, merkataritzarekiko eta ostalaritzarekiko aktiboa den herria nahi dugu, gure ondarea ahaztuko ez duena eta hazkunde orekatua izango duena eta gaur behin-behineko onarpena jaso duen HAPO honekin, ildo beretik jarraituko dugu lanean”, gehitu du Gandiagak.

Behin-behineko onarpen horren ondoren, dokumentua Udalaren webgunean egongo da eskuragarri eta jendaurrean jarriko da ulermena errazteko eta argibideak jasotzeko.