Beatriz Garate eta Gemma Romero Amorebieta-Etxanoko Udaleko langileek Euskadiko Sektore Publikoko Emakumeen jardunaldian parte hartu dute

“Ezinbestekoa da emakumeak ahalduntzea, karrera profesionalean aurrera egitea eragozten diguten oztopoak gainditzeko tresnak eta trebetasunak konbinatuta”.

Beatriz Garate eta Gemma Romero Amorebieta-Etxanoko Udaleko langileek Bilbon antolatutako Emakumeak Sektore Publikoan jardunaldian parte hartu zuten joan den maiatzean. Jardunaldi horretan, sektore publikoan genero-berdintasunerantz egindako aurrerapena ospatu zen, eta oraindik ditugun erronkei heldu zitzaien. Ildo horretan, hona hemen haiei egindako elkarrizketa bat:

  1. Zer ikaskuntza nabarmenduko zenukete jardunaldiko parte-hartzetik, eta nola uste duzue horrek mesede egiten diola udalean egiten duzuen lanari?

Lortutako ikaskuntzak askotarikoak eta aberasgarriak dira, hala nola:

  • Talde-lana, jardunaldiaren gai nagusiari eta landu beharreko ikuspegiari buruzko erabakiak hartzeko: online bilerak, ideia-jasa, proposamenak idaztea, etab.
  • Jardunaldia bera antolatzea: erakundeekin harremanetan jartzea, hizlariak, lekuak erreserbatzea, logistika, izena emateko inprimakiak egitea, jardunaldia ebaluatzea, etab.
  • Mahai-ingurua antolatzea eta eztabaida zuzentzea.
  • Parte-hartzea sustatzeko estrategiak.
  • Jendaurrean hitz egitea.
  • Kontzientziazio handiagoa eremu publikoko genero-desberdintasunei buruz eta eskubide-berdintasunaren aldeko borrokaren garrantziari buruz.
  • Perspektiben aniztasuna feminismoaren barruan.

Ikaskuntza horiek guztiek lagundu egiten digute profesionalki hobetzen eta trebetasun eta ezagutza berriak eskuratzen, udalean gure lan-errendimendua, sormena eta berrikuntza hobetzeko. Gainera, aukera ematen digu gure harreman profesionalen sarea zabaltzeko eta komunitate hori indartzeko. Bestalde, genero-berdintasunaren garrantziaz sentsibilizatzen gaitu, eta horrek Udalean praktika bidezkoagoak ezartzera garamatza, lan-giroa hobetzera, errespetu handiagoko lan-eremu bat sortuz, inklusiboagoa, eta hori guztia Udalak onartutako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako IV. Planaren eskutik doa.

  1. Zer erronka edo gai nagusi eztabaidatu ziren jardunaldian sektore publikoko genero-berdintasunarekin lotuta?

Gai nagusia izan zen gogoeta egitea emakumeok eremu publikoan hartzen dugun espazioari buruz, konkistatzeko geratzen diren espazioei buruz, espazio berriei buruz, eta horiek nola okupatu nahi ditugun. Horri buruz hitz egiteko, kirol-munduko, komunikabideetako eta Administrazio Publikoko hiru emakume profesional izan ditugu.

Eztabaidatzeko aukera izan genuen gaien artean honako hauek daude:

Emakumeen eta gizonen arteko tratu-desberdintasunak, arretari, aitortzari edo errespetuari dagokionez, ekitaldi publikoetan parte hartzen denean (kongresuak, txostenak, epaimahaiak, kargu publikoen diskurtsoak eta agerraldiak, kirol-ospakizunak, prentsaurrekoak, telebista-programak…).

Okupatzen ez dugun espazioa (erasotzen gaituztelako, edo errespetua falta digutelako eta gozatzeari uzten diogulako, fokua emakumearen irudian jartzen delako, eta ez diskurtsoaren edukian, etab.) eta egoera horiek emakumeen jardun profesionalean nola eragin dezaketen.

Kirola egiteari dagokionez, eta zehazki eskola-espazioen erabilerari dagokionez, generoaren araberako espazioaren erabileran dauden desberdintasunak eta erabilera horrek pertsonen ondorengo garapenean izan dezakeen eragina.

Feminismoaren erronkak Justizia Administrazioan.

Ekitaldi publikoetako diskriminazioei komunikabideetatik heltzeko modua eta komunikabideek jarrera horiek aldatzeko duten gaitasuna.

Pertsona guztiek espazio publikoaren berdintasunezko erabilera izango dutela bermatzeko hartu beharreko neurriak.

  1. Zuen ustez, nahikoa emakume al dago sektore publikoaren barruan lidergo-roletan? Zuen ustez, zer aldaketa egin behar dira egoera hori hobetzeko?

Emakumeak sektore publikoan duen ordezkaritzak piramidearen itxura hartzen du, eta, guztira, enplegatu publikoen erdia inguru da; gure ordezkaritza txikiagoa da zuzendaritza-postuetan. Emakume gehiago daude oinarrian, baina ez erabakiak hartzen. Zenbakitan jartzearren, 2023an, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-organoetan eta goi-karguetan (zuzendari nagusiraino, eta zuzendari nagusia baino kategoria txikiagoko administrazioko lanpostuak zenbatu gabe) zeuden emakumeen ehunekoa % 41,8 zen. Idazkariordetzetan eta Idazkaritza Nagusietan ehuneko hori 0,3 puntu jaitsi da aurreko urtearen aldean; Zuzendaritza Nagusietan eta Idazkaritza Nagusi Teknikoetan, berriz, 9 puntu jaitsi da, % 46,4 eta % 40,2, hurrenez hurren.

Emakumeak rol horietan duen ordezkaritza areagotzeko, hainbat eremutan lan egin daiteke:

  • Errekrutatze eta sustapen inklusiboak, irizpide garden eta dibertsitate helburuekin.
  • Gaikuntza eta garapena: mentoretza-programak, lidergoan gaitzea, laguntza-sareak.
  • Lan-giroa eta familia-bizitzarako laguntza: kultura inklusiboa, lan-malgutasuna, etab.
  • Berdintasunari buruzko prestakuntza ematea administrazio guztiei, emakumeak zuzendaritzat hartzea galaraz dezaketen egoerak saihesteko. Adibidez, haien iritzia kontuan ez hartzea, gizonezko lankideei zuzentzea haren ordez,…
  1. Zer tresna edo trebetasun jotzen dituzue funtsezkotzat emakumeek beren karreran aurrera egin dezaten sektore publikoaren barruan?

Aurrerapen horretarako, ezinbestekoa da emakumeak ahalduntzea; horretarako, tresnak eta trebetasunak konbinatu behar dira, karrera profesionalean aurrera egitea eragozten diguten oztopoak gainditzeko. Hala, tresnen artean daude mentoretza-sareak, lidergo-programak, etengabeko prestakuntza, laguntza-taldeak eta sareak. Trebetasun nabarmenenak hauek dira: lidergo eraldatzailea eta aldaketaren kudeaketa, ideiak eta proiektuak aurkeztea, pertsuasioa eta negoziazioa, pentsamendu analitiko eta estrategikoa, erresilientzia eta moldagarritasuna. Azkenik, lehen esan dugun bezala, sareak eraikitzea eta erakundeen arteko lankidetza ezinbestekoak dira.

  1. Zuen ustez, zer motatako laguntza-sareak edo elkarteak dira garrantzitsuak sektore publikoan emakume gehiagoren parte-hartzea sustatzeko?

Alde batetik, emakume profesionalen elkarteak, hala nola Emakumeak Sektore Publikoan (estatukoak zein lurralde-batzordeak dituztenak, hala nola Euskadikoa) edo Bizkaiko Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkartea.

Bestalde, laguntza-sare instituzionalak, hala nola BaiSarea, Emakundek sustatua, eta sare korporatiboak, hala nola Women in Tech (industria teknologikoko emakumeentzako sare espezifikoa).

  1. Zer mezu bidaliko zeniekete sektore publikoan lan egiten duten emakumeei proiektu honekin bat egiteko?

Benetako berdintasun eraginkorra duen Administrazio baten aldeko aldaketaren parte aktibo eta protagonista izan nahi baduzu, eta emakumeen sarea integratu nahi baduzu sektore publikoan emakumeen talentuak eta lanak merezi duten ikusgarritasuna eta aintzatespena izan dezan, egin zaitez gure kide, egin Sektore Publikoko Emakumeen kide.

Bakarrik arinago goaz, baina elkarrekin urrunago iritsiko gara!

Hemen duzue jardunaldiaren linka: Jornada MSP Euskadi: El espacio que ocupamos-Okupatzen dugun espazioaz (Bilbao) (youtube.com)