‘Barreterapia’, ‘Sormenezko meditazioa’ eta ‘Automasajea’ zaintzaileei zuzenduta

‘Zainduz Programa’-ren baitan antolatutako jarduerak maiatzean eskainiko dira Nafarroa Zentroan. Zaintzaileek aldez aurretik eman beharko dute izena HAZen (94 630 02) edo zainduz@amorebieta.eus helbidera mezu elektroniko bat bidalita

Amorebieta-Etxanoko Udalak zaintzaileentzako hainbat jarduera antolatu ditu maiatzerako: ‘Barreterapia’, ‘Sormenezko meditazioa’ eta ‘Automasajea’. Horiek guztiak ‘Zainduz: zaintzailearentzako zaintza’ programaren barruan antolatu dira. Programa horren helburua da mendekotasun-egoeran dauden pertsonen zaintzaileei edo senideei laguntzea, denbora eta energia eskainiz, egiten duten lana gogorra, ezkutukoa eta batzuetan oso ezezaguna delako.

Barreterapia saioa Nagusi Aretoan izango da maiatzaren 10etik 31ra, lau saiotan 16:30etik 18:00etara. Jarduera honen helburua da zaintzaileek eskakizunak alde batera uzten ikastea, eta beren kezkak eta tentsioak askatzen jakitea, estresa askatuz. Antolatzaileek gogorarazi dute barrea dela modu dibertigarri, sortzaile eta espontaneoan deskonektatu, erlaxatu eta gozatzeko aukera ematen digun adierazpide bat. Jolas adierazkorrak bizitasun, alaitasun, askatasun eta presentzia egoera batean sartzea errazten du, eta horrek gorputza eta emozioak desblokeatzen laguntzen du, ongizate-egoera bat sortuz.

‘Sormenezko meditazioa: artilezko mandalak’ jardueraren helburua da autoezagutza-prozesuan eragitea. Horrek argitasuna eta konfiantza sentsazioa emango die partehartzaileei, lasaitasun-egoera batera eramanaz. Horrela, mandalak sortuz, bertaratzen diren pertsonek une honetan beren burua kokatzen ikasiko dute, kontenplazio eta entzumen jarrera hartuz. Horri esker, arreta merezi ez duten distrakzioez jabetu eta deskonektatzen ikasiko dute. Bakoitzaren sormenarekin esperimentatzeak bere ongizatea errazten duela gogoratzen dute. Ekitaldia saio bakarrean eskainiko da, Nagusi Aretoan, maiatzaren 11n, 16:30etatik 18:30etara.

Azkenik, maiatzaren 18an eta 25ean ere Automasaje saioak izango dira, 16:30etatik 18:00etara, Nagusi Aretoan. Teknika erraz, seguru eta kontziente honen bidez, ikaskuntza praktikoa lortu nahi da estresa arintzeko eta muskulu-tentsioa askatzeko, norberari manipulazio leunak eginez. Manipulazio horiek prebentzio-neurri gisa eta neurriz aplikatzen dira tenkatutako eremuan, erlaxazioa erraztuz eta gorputzaren eta buruaren arteko oreka energetikoa berreskuratuz.

 Izen-emateak
Interesatuek Zainduz Programak eskaintzen dituen baliabideei buruzko informazio gehiago eskatu ahal izango dute HAZera deituz (94 630 00 02) edo zainduz@amorebieta.eus posta elektronikoaren bidez izena emanez. Bi kasuetan izena, abizenak eta harremanetarako zenbaki bat utzi beharko dira; izena emateko epea maiatzaren 5era arte egongo da zabalik.