Amorebieta-Etxanon emakume batek izandako eraso matxista irmotasunez arbuiatzeko adierazpen instituzionala

Adierazpen honen bidez, Amorebieta-Etxanoko Udalak erabateko arbuioa eta sumindura adierazi nahi ditu joan den larunbatean, maiatzak 4, emakume baten aurka gure herrian gertatutako indarkeria matxistaren kasuaren harira.

Udalbatzak bere konpromisoa berretsi nahi du bizitza, askatasuna, duintasuna eta emakumeek herritar gisa dituzten eskubideen kontra erasotzen duten indarkeria mota guztiak errotik ezabatzeko. Emakumeen kontrako indarkeria emakume eta gizonen berdintasun ezaren adierazpenik basatiena da.

Era berean, gure babes eta elkartasun guztia helarazi nahi diegu erasotua izan den emakumeari eta bere inguruneari, baita bere eskubideak eta intimitatea babesteko errespetu osoa ere. Noski, behar duen guztian laguntzeko izango gaitu.

Denak ez du balio, indarkeria matxistak eta sexu bortxakeriak ez dute lekurik gure herrian. Amorebieta-Etxanok berdinzalea izan nahi du, emakumeak aske sentitzen diren herria nahi dugu, eta ez ditu onartzen, ezta onartuko ere inolako eraso sexistarik.

Guzti horregatik, Amorebieta-Etxanoko elkarte feministek deitutako elkarretaratzea babesten dugu, eta dei egiten diegu zornotzar guztiei horietan parte har dezaten, emakume guztien aurkako erasoak arbuiatzeko.

Amorebieta-Etxano, 2024ko maiatzaren 10a.