Amorebieta-Etxanoko Udalaren adierazpena, Euskararen Nazioarteko Egunean

Euskararen Nazioarteko Egun honetan gogorarazi behar dugu euskal gizarteak bi hizkuntza ofizial dituela, baina oraindik urrun gaudela gizarte elebidun orekatua izatetik. Bi hizkuntza horietatik euskara hizkuntza gutxitua da, eta ezinbestekoa da gizarteko esparru guztietan herritarren hizkuntza-eskubideak bermatuta egotea ahalik eta modu orekatuenean.

Hizkuntza aniztasuna eta berdintasuna babesteko ezinbestekoak dira botere publikook eskaini ditzakegun araudi eta neurri positibo guztiak. Tamalez, azkenaldian, areagotzen joan dira auzitegietatik euskararen normalizazioaren aurka ateratako sententziak; herritarren hizkuntza-eskubideak murriztea eragiten ari direnak. Udalok herritarrengandik hurbilen gauden adiministrazioak izanik funtsezko rola dugu, eta geure egitekoa da euskararen normalizazioak behar dituen arau eta legeak abian jartzea, automurrizketarik gabe, ausart jokatuz, euskararen normalizazioa zeharlerro izan dadin eta herritar guztien hizkuntza eskubideak errespetatu daitezen; inor diskriminatu gabe bere hizkuntzagatik.

Horrez gain, asko dira gure herrira beste hainbat tokitatik etorri direnak eta gaur egun datozenak. Horiek guztiek ere beren hizkuntza dakarte, eta hizkuntza horiek ere gure errekonozimendua merezi dute.

Horiek horrela, Amorebieta-Etxanoko Udalak Euskararen Nazioarteko Egunean honako konpromisoak hartzen ditu:

1.- Amorebieta-Etxanoko Udalak euskararen erabilera guztiz normalizatua izan dadin beharrezko diren araudiak indarrean jarriko ditu. Ildo horretan, Udalak Euskaren Normalizaziorako Erabilera Plan Berria onartuko du, eta arduratsu jokatuko du bertan jasota dauden Hizkuntza Irizpideak bete daitezen; euskararen erabilera instituzionala eta administratiboa erabatekoa izan dadin. Halaber, ausart jokatuko du auzitegietatik datozen sententziak gorabehera.

2.- Amorebieta-Etxanoko Udalak Plan Estrategiko (ESEP) berria onartuko du, gure udalerriko esparru guztietan euskararen erabilera areagotzeko, eta horretan sustatzaile direnak saritzeko. Horretarako, behar diren baliabideak jarriko ditu. Plan estrategiko hori garatzeko ateak irekitzen dizkie herritarrei, eta eskertu egingo dizkie egin ditzaketen ekarpenak.

3.- Beste herrialde batzuetatik etorri direnen hizkuntzak eta kulturak errespetuz jasoko ditu, eta bidea erraztuko du hizkuntzen arteko elkarbizitza bermatzeko.

Eta beste barik, ekin euskaraz!