Amorebieta-Etxanoko Udalak zaintzaileei zuzendutako bi hitzaldi antolatu ditu

Zainduz Programaren baitan antolatutako bi hitzaldiek helburu dute zaintzaren erronkei aurre egitea eta behar dutenen autonomia sustatzeko tresna praktikoak eta funtsezko ezagutzak eskaintzea.

Amorebieta-Etxanoko Udalak, Zainduz programaren bidez, mendekotasuna duten senideen zaintzaileentzako doako bi jarduera berri iragarri ditu.

‘Zaintzan egoera zailak maneiatzea’
Ostiralean, martxoak 15, 10:30etatik 13:30etara, Nafarroa Zentroan, ‘Zaintzan egoera zailak maneiatzea’ hitzaldia izango da gaztelaniaz. Saio honek zaintzaren erronka garrantzitsuenetako bati helduko dio, eta sortzen diren egoera aldakorretara egokitzea izango du ardatz. Helburua da horiei aurre egiteko modurik egokiena bilatzea, bereziki zaintzailearengan eta zaintzen den pertsonarengan ezinegona sortzen dutenean. Ustekabeko egoerak, ezohikoak edo konplexuak testuinguruan kokatzea izango da ikuspegi nagusia, jokabidea behatuz eta adierazpena pertsonaren mendekotasun-prozesuaren zati gisa ulertuz.

‘Laguntza teknikoak eta laguntza-gailuak’
Asteazkenean, martxoak 20, 17:00etatik 18:30era, Nagusi Aretoan, “Laguntza teknikoak eta laguntza-gailuak” hitzaldia egingo da gaztelaniaz. Saio honek laguntza teknikoak izango ditu ardatz, zaintzarako funtsezko baliabide gisa, eta mugikortasun murriztua duten pertsonen autonomia eta ongizatea sustatzen duten oinarrizko gailu eta laguntza-elementuen garrantzia nabarmenduko du. Hitzaldi honen helburua da dauden baliabideak ezagutaraztea eta horien erabilpena erakustea.

Bi hitzaldietarako izen-ematea otsailaren 26tik martxoaren 8ra egongo da zabalik Amorebieta-Etxanoko Udalaren webgunean.