Amorebieta-Etxanoko Udalak txakurren jabeentzako araudiei buruzko kontzientziazio-kanpaina abiarazi du

Kanpainaren ardatza da udalerrian bizikidetza harmoniatsua bermatzeko indarrean dauden araudiak betetzearen garrantzia azpimarratzea.

Amorebieta-Etxanoko Udalak txakurren jabeei zuzendutako sentsibilizazio kanpaina jarri du abian. Animaliak edukitzeko eta babesteko Udal-Ordenantzan ezarritako hainbat arau betetzearen garrantziaz ohartaraztea du helburu.

Txakurren identifikazioa eta errolda
Indarrean dagoen araudiaren arabera, nahitaezkoa da txakur guztiak behar bezala identifikatuta eta Udaletxean erroldatuta egotea. Neurri honek txakurren populazioaren kontrol eraginkorra bermatzeaz gain, jabeak ohartaraztea errazten du  galera edo gertakari egoeretan.

Kalteengatiko eta eragozpenengatiko erantzukizuna
Txakurren jabeek beren animaliak eragin ditzakeen kalteen edo eragozpenen erantzule dira. Funtsezkoa da komunitatearen segurtasunari eta ongizateari eragin diezaiokeen edozein egoera prebenitzeko beharrezko neurriak hartzea.

Uhalarekin ibiltzeko derrigortasuna
Herritarren, ondasunen eta beste animalien segurtasuna bermatze aldera, leku publikoetan txakurrak uhalean edukitzea derrigorrezkoa dela gogoratzen da. Horrez gain, arriskutsuak izan daitezkeen txakurrek muturrekoa ere eraman beharko dute edozein gertakari saihesteko.

Gorotzak biltzea
Txakurren jabeen erantzukizuna da animalien gorotzak bide eta espazio publikoetan ez uzteko beharrezko neurriak hartzea. Neurri honek inguruaren garbitasuna eta osasungarritasuna mantentzen laguntzen du.

Debekatutako eremuak errespetatzea
Jabe guztiei gogorarazten zaie oso garrantzitsua dela animaliak sartzeko debekatutako eremuak errespetatzea, herritarren segurtasuna eta erosotasuna zaintzeko.

Arau horiek ez betetzeak 30 eta 2.400 euro bitarteko isunak ekar ditzake, Animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen Ordenantzaren arabera.

Amorebieta-Etxanoko Udalak dei egiten die txakurren jabe guztiei jabe gisa duten erantzukizunaz jabetzeko eta arau hauek bete ditzaten, horrela komunitate osoaren bizikidetza baketsua eta ongizatea bermatzeko.