Amorebieta-Etxanoko Udalak ke-detektagailuak jarriko ditu adinekoen segurtasuna hobetzeko

Ekimena pertsona nagusien gizarte-premiak detektatzeko eta etxebizitzetan suteak prebenitzeko Udalak eskaintzen duen doako programaren baitan jasotzen da.

Bakarrik edo 65 urtetik gorako pertsonekin bizi diren 1935-1942 bitartean jaiotako pertsonei zuzenduta dago, eta larrialdietarako ebakuazio-planoak eta gizarte-premiei buruzko galdetegiak egitea ere jasotzen ditu zerbitzuak.

Amorebieta-Etxanoko Udalak pertsona nagusien ingurune fisiko eta soziala hobetzeko martxan dituen zerbitzuen baitan, adineko pertsonen etxebizitzetan segurtasuna hobetzera bideratutako programa eskaintzen du.

Doako programa horren helburua da kolektibo honen etxebizitzetan suteak prebenitzea eta 1935 eta 1942 urte bitartean jaio eta bakarrik edo 65 urtetik gorako pertsonekin bizi diren pertsona nagusiei zuzenduta dago.

Hala, programaren baitan jasotzen dira etxebizitzetan ke-detektagailuak jartzea, larrialdi kasuetan ebakuazioak errazteko planoak egitea eta adinekoek izan ditzaketen gizarte premiak antzemateko galdetegia egitea.

 Adinekoen segurtasuna eta ongizatea ardatz

Adinekoentzako ingurune seguruagoa eta lagunkoiagoa eraikitzeko konpromisoan, Amorebieta-Etxanoko Udalak ke-detektagailu berriak jarriko ditu pertsona nagusien etxebizitzetan. Horretarako, gutun bat bidaliko die, detektagailuak jartzeko baimena eskatu eta eskuratzeko.

Ke detektagailuen instalazioa behar bezala identifikatutako talde tekniko batek egingo du, eta aldez aurretik hitzartuko du etxebizitzako jabearekin instalazio hori egiteko hitzordua. Zerbitzua doakoa da eta ez du inolako obrarik behar, onuradunentzat prozesu arina eta inpakturik gabekoa bermatuz.

Nolanahi ere, informazio gehiago jasotzeko 944378235 telefono-zenbakira deitu dezakete interesdunek.