Amorebieta-Etxanoko Udalak Jauregizahar auzoa berrurbanizatuko du, espazio moderno eta irisgarri bihurtuz

Proiektuak 1.300.000 euro inguruko aurrekontua izango du, eta 6 hilabeteko gauzatze-epea, gutxi gorabehera.

Ainhoa Salterain: “Hiri-garapen honek elkarbizitza, segurtasuna eta herritarren eta familia zornotzarren gozamena sustatzen ditu. Espazio inklusiboagoa eta parte-hartzaileagoa izango da”.

Amorebieta-Etxanoko Udalak hasierako onespena eman dio Jauregizahar auzoko plaza berrurbanizatzeko proiektuari. Proiektu honek 1.300.000 euroko aurrekontua du esleituta, eta 6 hilabeteko gauzatze-epea, gutxi gorabehera, eta plaza espazio moderno, irisgarri eta zorntozarren egungo beharretara egokitua izatea bermatuko du.

Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko alkateak azaldu duenez, Amorebieta-Etxanoko Udala aurrera doa Jauregizahar auzoko plaza berrurbanizatzeko proiektuarekin, eta herritarren eta familia zornotzarren bizikidetza, segurtasuna eta gozamena sustatzen duen hiri-garapena du helburu: “plaza espazio inklusiboago eta parte-hartzaileago bihurtuko du proiektu honek, jolasguneak eta atsedenlekuak integratuz, zornotzarren arteko interakzioa eta kohesioa sustatzeko. Gainera, plazaren konektibitatea hobetuko da, diseinua herritarren behar aldakorretara egokituz”.

Segurtasunari eta ongizateari dagokionez, Salterainek adierazi duenez, “proiektuak nabarmen hobetuko ditu argiztapena eta ikuspena, segurtasun-sentsazioa areagotzeko. Hiri-ingurune segurua sortuko da, ikusmen garbi eta irisgarriekin, berdeguneekin eta hiri-altzari modernoz hornitutako jolas-guneekin osatuta. Proiektu honek, ez du plaza hobetuko bakarrik, Amorebieta-Etxanoko etorkizuneko urbanizazio-proiektuetarako eredu ere izango da “.

Plazaren egungo egoera

Bestalde, Anartz Gandiaga Hirigintza zinegotziak gogorarazi du Jauregizahar auzoko plazak gaur egun ez dituela nahi diren hirigintza-estandarrak betetzen: “oinezkoentzako ibilbideak eguneratu eta hiri-diseinu zaharkitua berritu behar da. Plazak ez ditu eserita egoteko guneak eta zirkulazio espazioak behar bezala bereizten, eta ez du leku egokirik eskaintzen klimatologia desberdinetarako. Gainera, hainbat arazo daude, hala nola malda desegokiak dituzten eraikinetarako sarrerak eta argiztapen eskasa. Arazo horiek, zoladurak eta berdeguneak hondatzearekin batera, okertu egin dute haien egoera”.

Horrela, Gandiagak azpimarratu du Amorebieta-Etxanoko Udalak arazo horiei helduko diela: “Gure berrurbanizazio-proiektuan, egungo planoek zehazten dituzten hiri-sareak eguneratzeaz gain, plazaren izaera birdefinituko dugu, benetan funtzionala eta abegikorra den espazio batean bihurtzeko. Proiektu hau aukera garrantzitsua da Jauregizahar auzoko plaza biziberritzeko, Amorebieta-Etxanoko biztanle guztientzat irisgarriagoa, seguruagoa eta erakargarriagoa izan dadin “.

Onartutako proposamena
Jauregizahar plazarako gure ikuspegiarekin jarraituz, Hirigintza zinegotziak helburu nagusien garrantzia azpimarratzen du: “babesa eta segurtasuna, genero ikuspegi barneratzailearekin; erosotasuna eta ongizatea sustatuko dituen espazio bat sortzea; eta guztientzako irisgarria izango den diseinu bat”.

Gandiagak dio plazan segurtasun-sentsazioa eta -pertzepzioa handitzea dela helburua: “Hori lortzeko, eremu osoan begi-lerroak hobetuko ditugu, ibilbideak seguruak eta erraz kontrolatu daitezkeenak direla ziurtatuz. Funtsezko neurrietako bat arkupeetako zoladura luzatzea izango da, ibilbide alternatiboak sortuz eta ikuseremua zabalduz. Horrek, puntu itsuak eta kontrol zaila izan dezaketen eremuak ezabatzea ekarriko du, eta plazan ikuskapen eta segurtasun handiagoa ahalbidetuko du. Gainera, zuhaitzen eta landareen presentzia nabarmen handituko da, itzala eta edertasuna ematen duten eta ikuspena oztopatzen ez duten espezieak hautatuz. Era berean, plaza urte osoan leku segurua eta erosoa izango dela ziurtatuko da”.

Gainera, zinegotziak azaldu duenez, “jendeak libreki ibiltzeko, atseden hartzeko eta inguruneaz gozatzeko aukera izango duen espazioak sortzea da gure helburua. Horren barruan sartzen da egun beroetarako itzalguneak garatzea, eta egun hotzagoetarako eremu eguzkitsuak sortzea. Estetikoak zein funtzionalak diren materialen eta akaberen hautaketa espezifikoa egin da”.

Era berean, guztiontzako diseinua izatea nahi da: “plaza inklusio- eta irisgarritasun-gune bat izango da. Atsedenerako eta taldekatzeko guneak sortuko ditugu, banakako eta taldeko bankuekin, herritar guztien gozamenerako pentsatuta. Jolas-gunea adin guztietako haurrentzat segurua eta erakargarria izateko diseinatuko da, haien garapen soziopedagogikoa errespetatuko duten jolasekin. Espazio horiek neutroak eta irisgarriak izango dira, eta maldan dauden jolasak eta bestelako jolas-jarduerak izango dituzte. Gainera, irisgarritasuna bermatuko dugu arrapala leunak eta landaredian integratutako bideak dituzten ibilbideen bidez, biztanle guztiek plazaz erabat gozatu ahal izan dezaten”.

Laburbilduz, Gandiagak zehaztu du: “berrurbanizazio proiektu hau ez da hobekuntza estetiko edo funtzional bat bakarrik; gure herritarren ongizate eta segurtasunarekiko konpromisoa da, Jauregizahar auzoko plaza guztiontzako topagune, jolas eta atseden gune bat izango dela ziurtatuz”.