Amorebieta-Etxanoko Udalak Ixer kalea berrurbanizatzeko lanak hasi ditu

Amorebieta-Etxano, 2020ko maiatzaren 19a. Amorebieta-Etxanoko Udalak Ixer kalea berrurbanizatzeko lanak hasi ditu. Proiektu estrategiko horren ondorioz, ingurua osorik berrituko da, bai kanpotik, bai barrutik. Helburua oinezkoei leku gehiago ematea, oztopo arkitektonikoak kentzea, berdeguneak sortzea eta hiri-elementuak hobetzea da, hornikuntza, saneamendu, elektrizitate eta argiztapen sare guztiak berritzea barne.

Honako lan hauek egingo dira: landaredi- eta zuhaitz-elementuak sartzea, espaloiak zabaltzea eta zintarriak eta sestrak birmoldatzea, desgaitasuna duten pertsonen beharretara egokitzeko. Gainera, oinezkoentzako pasabideak birkokatuko dira, ibilbide naturalak eta Gabriel Aresti parkearekiko lotura indartuz, eta argi berriak jarriko dira udalerriko bizilagunei argitasun eta segurtasun handiagoa emateko.

Era berean, udalak 30 aparkaleku berri gehituko ditu gutxi gorabehera, eta zirkulazioaren noranzkoa aldatuko du San Pedro eta Ixer kaleen arteko zatian eta Ixer kaleko barruko bidean, inguruko ibilgailuen zirkulazioa hobetuz eta gidariei ikuspen handiagoa emanez. Aldi berean, saneamendu-, hornidura- eta elektrizitate-sare guztiak berrituko dira, eta edukiontziak berrantolatuko dira.

Jarduerak 6.300 m2-ko azalera eta 1.300.000 eurotik gorako aurrekontua izango du, eta zazpi hilabete inguruko iraupena izango du.

Leave a Comment