Amorebieta-Etxanoko Udalak haurrentzako gune berriak eraiki ditu Boroa eta Bernagoitian, familien gozamenerako eta segurtasunerako

Udalaren konpromisoa irmoa da haur zornotzarren ongizatearekin eta garapenarekin, eta bi haur-parkeek helburu dute txikienen garapena, segurtasuna, dibertsioa eta estimulazioa.

Amorebieta-Etxanoko familien eta haurren ongizatearekin eta garapenarekin duen etengabeko konpromisoan, Amorebieta-Etxanoko Udalak haurrentzako jolas-parke berriak egin ditu Boroa eta Bernagoitia auzoetan. Helburua da, haurren garapenerako espazio seguruak, dibertigarriak eta estimulagarriak sortzea.

Esku-hartze horiek Udalak gune komunitarioak sortu, egokitu eta hobetzeko duen ikuspegia islatzen dute, udalerriko eta auzoetako familien beharrei lehentasuna emanez.

 Jolas-gune berriak

Bi auzoek, beraz, badituzte jada jolas-gune berriak. Hala, bi parkeetan, adin ezberdinetara egokitutako bi eserlekuko kolunpioak jarri dira, jolas segurua sustatzeko eta haurren oreka eta koordinazioan eragiteko diseinatuak. Arkupeen diseinu harmonikoak eta sendotasunak segurtasuna handitzeaz gain, jolasaren intentsitatea, kontzentrazioa eta haurrek kolunpioan inbertitzen duten energia ere sustatzen dute, horrela jolas soziala eta haien arteko hartu-emana hobetuz.

Gainera, joko-dorre bat ere jarri da, sareko eskalada-horma bat eta gora eta behera egiteko metalezko barra bat dituena, txirrista batekin batera. Egitura horrek abentura eta ikaskuntza-iturri izatea agintzen du, eta onura ugari eskaintzen ditu; hala nola, koordinazioa hobetzea, espazioaren pertzepzioa eta propiotzepzioa, haurren garapen kognitibo eta fisikorako funtsezko trebetasunak.

 Segurtasunarekiko konpromisoa

Jolas-guneetan segurtasunak duen garrantziaz jabetuta, Udalak ziurtatu du jokoen azpiko azalera guztia 10 mm-ko lodiera duen kautxuz estalita egongo dela, lesioak izateko arriskua minimizatzeko eta txikienentzako ingurune seguruagoa eskaintzeko.