Amorebieta-Etxanoko Udalak gabon-egitarau anitza eta emozioz betea aurkeztu du herritar guztientzat

Gabonetako egitaraua abenduaren 5ean hasiko da, Herriko Plazan, argi piztearekin batera.

Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoen etorrerak magiaz beteko ditu Amorebieta-Etxanoko kaleak; bi kabalgatak 18:00etan abiatuko dira.

‘Gabonetan Jai’ gabonetako haur parkea berrituta iritsiko da Amorebieta IV pilotalekura, zornotzar txikien gozamenerako.

Amorebieta-Etxanoko Udalak Gabonetako programa aurkeztu du gaur prentsaurrekoan, zornotzar guztientzako jarduerez betea. Ainhoa Salterain alkateak azpimarratu du Gabonak garai berezia direla, Amorebieta-Etxanoko familiak eta koadrilak elkartzen diren momentuetako bat: “horregatik, Amorebieta-Etxanoko Udalak, tokiko erakunde eta elkarteekin batera, Gabonak ospatzeko programa anitza eta emozioz betea diseinatu du. Jai hauetako momentu garrantzitsuenetako bat Gabon argien piztuera izango da,  Herriko Plazan, abenduaren 5ean. Ekitaldi honetan zuzeneko musika emanaldiak izango dira Triki Piu eta Zubiuar Musika Eskolako abesbatzaren eskutik. Gainera, tradizioaren parte bezala, txokolatea ere eskainiko zaie bertaratzen diren guztiei”.

Data horretatik aurrera, Salterainek jarraitu du: “Amorebieta-Etxanoko biztanleek ekitaldi ugariz gozatzeko aukera izango dute, besteak beste, zuzeneko musika-emanaldiak, antzezlanak, aurkezpen bereziak, txikienentzat bereziki diseinatutako ikuskizunak, kirol-ekitaldiak eta tokiko kultura aberastuko duten erakusketa artistikoak”.

Magiaz betetako bi iluntze
Gabonetako programaren unerik berezienetako bi egunek abenduaren 24an eta urtarrilaren 5ean egingo diren kabalgatekin lotura zuzena dute: “Udaberri Dantza Taldeak antolatuta, Gabon gauean Olentzero eta Mari Domingiren etorrera une gogoangarria izango da haur zornotzarrentzat. Gainera, Errege Egunaren bezperan, Meltxor, Gaspar eta Baltasar Erregeek kabalgatan zeharkatuko dituzte Amorebieta-Etxanoko kaleak. Bi ekitaldiak arratsaldeko 18:00etarako programatuta daude”.

 Haurrentzako eta familia osoarentzako jarduerak
Salterainek aurreratu duen bezala, Amorebieta-Etxanoko Gabonetako programak adin guztietako zornotzarrentzat ekitaldiak eskaintzea du helburu, tartean, herriko txikiak, gazteak eta familiak: “abenduan ‘Anbotoko Mari’, ‘Muna’ eta ‘Pin pang’ antzezlanak izango dira, eta urtarrilean ‘Bo Jauna’ eta ‘Kutxartean’; bi hilabeteetan beraz, familia osoaren gozamenerako antzerki entretenimendua egongo da. Horrez gain, ‘La Navidad en sus manos’ filma eskainiko da eta ‘Zakubete ipuin’ ipuin kontalaria ere Amorebieta-Etxanon izango da hil honetan. Horiez gain, Zornotzar gazteek ‘Bertso antzerki dinamikoa’ haurrentzako ikuskizun zirraragarriaz gozatu ahal izango dute abenduaren 15ean”.

Aurtengo ekimenik nabarmenetako bat ‘Gabonetan Jai’ izango da, Salterain alkateak aipatu bezala: “Zelaietako Amorebieta IV pilotalekuan egongo den haur-parkea birdiseinatu egin da, haur guztien dibertimendu eta gozamenerako. Abenduaren 26tik 30era egongo da zabalik, eta sarrerak eskuragarri egongo dira gazteentzako informazio-bulegoan: egun bakarreko sarrera 4 euroren truke, 4 eguneko bonua 12 euroren truke eta 5 eguneko bonua 15 euroren truke. Gainera, txu-txu trenak Amorebieta-Etxanoko kaleak zeharkatuko ditu 26tik 29ra, Gudari kaleko autobus geltokitik aterata, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara ibiliko da. Ekimen hauen guztien helburua da zornotzar txikienei Gabonetako esperientzia ahaztezina eskaintzea, ingurune seguru eta dibertigarria”.

Gainera, alkateak jarraitu du, “gazteei zuzenduta, ‘Gauero Gabonetan’ programak Gabonetako gune bat eskainiko du Zelaietako kontzertu-aretoan, Gaueroren edizio berezi bat ere izango da, abenduaren 23an. Ludoteka Gabonetan ere irekita egongo da, arratsaldez, astelehenetik ostiralera, herriko txikienek oporretan ondo pasatzeko eta entretenitzeko aukerak izan ditzate”.

Gabonak eta zuzeneko musika emanaldiak
Musikak leku garrantzitsua izango du Gabonetako ospakizunetan: “Zelaietako kontzertu-aretoa izango da ‘Melted Klocks’ taldearen kontzertuaren eszenatokia. Gabonetako kontzertuei dagokienez, El Carmeloko Kaperak Aita Eliseoren omenezko kontzertua hartuko du, Larreako Elizak Larreako katekesiko Gabonetako abestien kontzertua eskeiniko du, eta Zornotza Aretoa Zubiaur Musika Eskolaren Gabonetako Kontzertuaren eszenatoki izango da. Gainera, herriko abesbatzek bi emanaldi eskainiko dituzte abenduaren 23an: ‘Mesias sarritan’ eta ‘Kalbarioen topaketa’. Bestalde, Zornotzako Musika Bandak ‘Atzoko eta gaurko klasikoak’ izeneko kontzertu tradizionala eskainiko du. Ekitaldi eta kontzertu hauek guztiek jai-giroa aberastuko dutenaren zalantzarik ez dut, musika ere Gabonen parte baita”.

Kirolarekin harremanean bizi den herria
Amorebieta-Etxanoko Gabonetako programak herriak kirolarekin duen harremana ere erakusten du, hala adierazi du Salterainek: “programatutako kirol ekitaldien artean daude: Amorebieta-Etxano Cup 19. edizioa, AIDAEren aldeko Rally Klasikoaren 9. edizioa, Belatxikietako igoera eta martxa, San Silvestre lasterketa tradizionala eta pilota profesionaleko partida, Pilota Pro Fest jaialdiaren parte izango dena. Ekitaldi hauek guztiek Gabon egunez beste modu batera gozatzeko aukera eskainiko diete bertakoei zein bisitariei”.

Beste ekitaldiak
Programari amaiera emateko, alkateak gehitu du: “abenduaren 15etik urtarrilaren 4ra Ignacio Arkauteren Ganbaran ezkutatutako aurpegiak’ erakusketa zabalduko da, bere obra artistikoa ikusteko aukera paregabea eskainiko duena. Gainera, “Euskaraz barra-barra” programaren barruan, ‘Ihes gela ibiltaria’ ekimena egingo da, eta aldez aurretik izena eman beharko da parte hartzeko. Amaitzeko, Lagun Onak elkarteak antolatuta, 12 orduko maratoi zirraragarria egingo da Amorebieta IV pilotalekuan.