Amorebieta-Etxanoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak Urritxen institutu berri bat eraikitzea sustatuko dute

Eraikin berria oraingoaren ondoan egongo da, eta DBHko eta Batxilergoko etapak landuko dira bertan.

Hezkuntza Saila proiektua garatuko duen arkitektura-azterlana kontratatzeko pleguak idazten hasi da.

Amorebieta-Etxanok institutu berri bat izango du udalerrian, egungo eraikinaren inguruan, Urritxe auzoan. Proiektuak eraikin berri bat aurreikusten du, DBHko eta Batxilergoko etapak hartuko dituena. Hezkuntza Saila kontratazio pleguen idazketan dago murgilduta, institutu berria eraikitzeko proiektua garatuko duen arkitektura-azterlana egin ahal izateko.

Institutu berriaren eraikuntza egungo eraikinaren ondoko lursailean egongo da, eta espazio hori Amorebieta-Etxanoko Udalak utziko du. Egungo eraikina martxan egongo da obrek irauten duten bitartean, eta, ondoren, eraitsi egingo da. Lanbide Heziketako zikloek gaur egun duten kokalekuari eutsiko diote.

“Amorebieta-Etxanon institutu berri bat eraikitzea albiste bikaina da. Amorebieta-Etxanoko familiak dira gure lehentasuna eta hezkuntza gune berri bat izatea, berriztatua eta hezkuntza behar berrietara egokitua, funtsezkoa da gure herriko eta inguruko gazteentzat “, azaldu du Ainhoa Salterainek, Amorebieta-Etxanoko alkateak.