Amorebieta-Etxanoko Udalak berdintasun kanpaina bat jarri du abian herriko jaietarako

Indarkeria Sexistari aurre egiteko bi Gune More Kokatuko dira, eskuhartze protokoloa eguneratu da eta 24 orduko arreta telefonoa jarri da herritarren eskura.

Jaiegunetan hainbat prebentzio egitasmo egingo dira alkohol eta beste drogen kontsumoari lotuta. 

Amorebieta Etxanoko udalak lanean dihardu udalerrian indarkeria matxista desagerrarazteko eta herritarren segurtasuna bermatzeko, egunerokoan zein jaietan. Bide horretan, udalak eraso matxista guztiak, hau da, eraso machista eta LGTBIQA+fobikoei aurre egiteko neurri zein zerbitzuak jarriko ditu herritarren eskura jaietan, egun horietan ere, emakume eta LGTBIQA+ kolektiboko pertsonen askatasuna eta zornotzar ororen segurtasuna bermatzeko helburuarekin. Halaber, hainbat prebentzio egitasmo ere egingo dira alkoholaren eta drogen kontsumoari lotuta. 

Bi Gune More, bata Zelaietan eta bestea Zubiondon

Aurten, Indarkeria Sexistarik Gabeko bi Gune izango dira, bat Zelaieta parkean eta bestea Zubiondo parkean. Bi psikologa arituko dira bi gune horietan herritarrak artatzen. Beraz, informazio, harrera, aholkularitza eta salaketa standa izango da, herritarrak indarkeria matxistaz kontzientziatzeko gunea eta eraso matxista jasanez gero,  bertara joan eta salatzeko eta laguntza jasotzeko aukera izango da. 

  • Egunak: uztailak 15,19,20, 24, 25, 26 eta 27.
  • Ordutegia: 21:30etatik 04:30ra arte.

24 orduko arreta telefonoa: 747 48 51 26

Edozein intentsitateko eraso matxista jasanez gero, herritarrek  747 48 51 26 telefonora dei dezakete. Psikologa batek eskainiko du zerbitzua eta premiazko esku-hartzea, informazioa eta aholkularitza jaso ahalko da bertara deituta. 

  • Egunak: uztailak 14,15,19,20,24,25,26 eta 27

Udarako informazio eta laguntza telefonoa, psikologo baten babesarekin

Jaietan herritarren eskura jarriko den telefono berbera izango da baina zerbitzua uda osoan zehar egongo da herritarren eskura: 

  • Uztaila: 08:00 – 15:00 Astelehenetik – Ostiralera
  • Abuztua: 08:00 – 15:00 Astelehenetik – Ostiralera
  • Iraila: 08:00 – 15:00 Astelehenetik – Ostiralera

Eraso sexista eta LGTBI+fobikoei erantzuteko protokoloa

Amorebieta-Etxanoko udalak, Zornotzako Talde Feminista eta Akelarre aniztasun taldearekin koordinaturik, eraso sexista eta LGTBIQA+fobikoei aurre egiteko protokoloa eguneratu du, edozein erasoren aurrean jai eremuan nola jokatu jakiteko. Protokolo hau txozneroekin eta herriko eragileekin partekatuko da, beharrezkoa baita indarkeria motak identifikatzea eta salatzea eta  eraso sexistekin amaitzeko, modu bateratu, kolektibo eta koordinatuan erantzutea.

Segurtasun arloko koordinazioa

Zaintza lanak indartu eta zornotzarren segurtasuna bermatzeko bidean, Amorebieta-Etxanoko Udalak gertuko udaltzaingoaren aldeko apustua egiten du jaietan ere eta horren gain, Ertzaintzarekin koordinazio estua mantenduko du festek irauten duten bitartean. Edozein gertakariren aurrean, herritarrak udaltzaingoarekin jar daitezke harremaneran 94 630 01 60 telefonora deituz. 

Arriskua murrizketarako informazio puntuak

Prebentzio alorrari lotuta, ekimen ezberdinak gauzatuko dira jai egunetan, alkoholaren eta drogen kontsumoari lotuta:

  • Uztailak 15. Alkohola eta beste drogen inguruko informazio puntua,  22:30-01:30 bitartean, Zubiondo parkean.
  • Uztailak 20. Alkohola de beste drogen inguruko esku-hartze ibiltaria. 12:00-15:00 bitartean, marmitako lehiaketa egingo den eremu inguruan. 
  • Uztailak 20. Drogen inguruko informazio puntua eta testing zerbitzua. 22:30-01:30 bitartean,  Zubiondo parkean.