Amorebieta-Etxanoko Udalak bat egin du Ikusgarritasun Lesbikoaren Nazioarteko Egunarekin

Gaur, apirilak 26, Amorebieta-Etxanoko Udalak bat egiten du Ikusgarritasun Lesbikoaren Nazioarteko Egunarekin. Egun honen helburua da lesbianen oinarrizko eskubideak aldarrikatzea, lesbianen ikusezintasunarekin hausteko eta, besteak beste, eskubide-berdintasuna edota sexu eta afektibitate orientazioaren adierazpen askea aldarrikatzeko,  ikusgarritasunaren bidez.

Era berean, Amorebieta-Etxanoko Udalak bat egiten du, baita ere Berdindu-LGTBI+ Herritarrei Arreta Emateko Euskal Zerbitzuaren manifestuarekin, eta emakume lesbianen ikusgarritasunaren alde lan egiten jarraitzeko asmoa, gogoa eta nahia adierazten du.

Udalak jakin badaki, nahiz eta eskubideen arloan aurrerapauso ukaezinak egin diren, emakume lesbianen ikusgarritasun publikoak erronka handia izaten jarraitzen duela gizarte berdinzaleago bat lortu ahal izateko. Ikusezintasunak bizitza librea baliogabetzen du, eta, beraz, sexu- eta giza eskubideen ageriko urraketa da.

Horregatik, Udalak lanean jarraitu nahi du baldintza egokiak sortzeko, emakume lesbianek ez diezaioten uko egin ikusgai izateari, eta ikusgarritasun hori eremu publiko guztietan egin dadin, hala nola lanean, kaleetan, ikastetxeetan, bizitza politikoan, gizarte-aktibismoan…

Emakume guztiak desberdinak dira, anitzak, eta, horregatik, guztiekin lan egin behar du Amorebieta-Etxanoko udalak, lesbiana nagusiekin, dibertsitate funtzionala dutenekin edo migratu eta errefuxiatuekin. Horrela bakarrik lortuko baita emakumeen intersekzionalitatea diluituz joatea, ikusgarriagoak izatea eta gizartean pisu handiagoa izatea.

Hori horrela, Amorebieta-Etxanoko Udalak, Berdindurekin batera, emakume lesbianak beren isiltasuna eta ezkutaketa haustera animatzen ditu. Beldurragatik, lotsagatik edo sexualitateak eragiten dien erruagatik ezkutatu beharra ikusten duten pertsonak dauden bitartean, ezinezkoa izango da gizarte anitza, plurala eta berdintasunezkoa sortzea.

Amorebieta-Etxanoko Udalak lanean jarraituko du lortu arte.