Amorebieta-Etxanoko Udalak bat egin du, gaur, maiatzak 17, Homofobiaren, Lesfobiaren eta Transfobiaren Nazioarteko Egunarekin

Amorebieta-Etxanoko Udaletxea bat dator Berdinduren manifestuarekin, Homofobiaren, Lesbofobiaren eta Transfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta.

Gaur, 1990ean, Osasunaren Mundu Erakundeak homosexualitatea gaixotasun mentalen zerrendatik kendu zuen. Une horretatik gaur egun arte, aurrerapen asko egin dira legearen arloan, pertsona guztiek eskubide berdinak izateko. Gizarteak ere aurrera egin du bide horretan; oro har, gizarteko kideen sexualitateak eta generoa bizitzeko askotariko erak modu irekian adierazi ahal izateko espazio sozialak gero eta gehiago dira.

Legeak aldatu eta gizarteak aurrera egin arren, LGTBI kolektiboko pertsona askok jasaten ditu oraindik orain bazterkeria, estigmatizazioa eta indarkeria. EAEko gizarteak, beraz, bide luzea dauka aurrean, berdintasun egiazkoa eta eraginkorra lortuko badu. Zoritxarrez, aurreiritziak, uste faltsuak, estereotipoak, bazterketa eta gorrotoa oraindik ere gizarteko sektore askotan sakon errotuta daude.

Pertsona LGTBI+ askoren ikusezintasunak eta ezkutatzeak, edo gaur egun gure hirietako espazio publikoetan gertatzen ari diren eraso fisikoen hazkundeak, agerian uzten du sexu- eta genero-aniztasuna berdintasunez eta diskriminaziorik gabe bizitzeko eta adierazteko benetako askatasunik eza.

Hala, homofobiaren, lesbofobiaren eta transfobiaren aurka borroka egitea askatasuna, duintasuna eta giza eskubideak defendatzea da. Aniztasunak aberasten gaitu; horrenbestez, LGTBI kolektiboko kideek jasaten duten bazterkeriaren eta indarkeriaren aurka egitea gizartearen garapena bultzatzea da; alegia, inklusioaren alde eta bazterkeriaren aurka egitea, eta errespetu zein berdintasun handiagoko gizarte bidezkoa lortzeko bidean urratsak ematea.

Amorebieta-Etxanoko udaletxeak, Eusko Jaurlaritzak bezala, hartua du sexu eta genero aniztasuneko politikak garatzeko konpromisoa, berdintasuna indartzeko eta berdintasun eza ahultzekoi.

Amorebieta-Etxanoko udaletxeak, Eusko Jaurlaritzak manifestatu egin duen bezala, pertsona guztien eskubideen defentsan irmo jarraituko du, politika publikoetan babes neurriak eta bazterkeriaren aurkakoak ezarriz. Gizarte aniztasunean datza gure sendotasuna; babestu eta indartu beharreko balioa dugu.