Amorebieta-Etxanoko Udalak 2023-2027ko Agintaldi Plana aurkeztu du, zornotzarrengan oinarritua

Agintaldi Plana Amorebieta-Etxanoren garapenerako orri-estrategikoa da, zornotzarrekin konprometitua eta parte hartze aktiboa sustatzen duena.

Amorebieta-Etxanoko Udalak 2023-2027ko Agintaldi Plana aurkeztu du gaur prentsaurrean, datozen lau urteetarako ildo estrategikoak zehazten dituen ibilbide-orria. Agerraldian gobernu taldeko ordezkariek parte hartu dute: Ainhoa Salterain alkateak, Jon Artabe Idazkaritza, Funtzio Publiko, Gardentasun eta Gobernu Oneko zinegotziak, eta Euskara, Berdintasuna eta Arkalaz-en zeharkakotasunaren koordinatzaileak eta Alicia Hernandez zinegotziak, PSE-EEko ordezkariak.

Ainhoa Salterain (alkatea): “Plan honek Amorebieta-Etxanoren etorkizuna elkarrekin eraikitzeko borondatea gauzatzen du; familietan eta haien beharretan dago oinarrituta”Ainhoa Salterainek, Amorebieta-Etxanoko alkateak, planaren ikuspegi nagusia azpimarratuz hasi du bere hitzaldia: “2023-2027 legealdirako Agintaldi Plana aurkeztera gatoz, EAJ-PNVren eta PSE-EEren gobernu taldeak datozen lau urteetan Amorebieta-Etxanon aurrera eraman nahi ditugun proiektuekin. Konpromiso honetan, udalerriaren etorkizuna elkarrekin eraikitzeko borondatea aurkezten dizuegu, familietan eta haien beharretan oinarrituta dagoena. Helburua argia da: Amorebieta-Etxano garatzen jarraitzea, bizitzeko lekurik onena izaten segi dezan”.

2023-2027 Agintaldi Planak herritarrekin lankidetza estua bilatzen duela adierazi du Salterainek, hauek udalerriaren eta bere komunitatearen garapenean integratuz: “Amorebieta-Etxano nortasun propioa duen herria da, euskal kulturan sakonki errotua eta bere inguruarekin zein mundura zabaltzearekin konprometitua. Aukera-berdintasuna, ingurumenaren babesa, kulturaren sustapena eta garapen sozioekonomikoa dira plan honen funtsezko zutabeak”.

Alkateak gobernu taldearen etorkizuneko ikuspegia ere azpimarratu du, udalerria eraldatzen eta hobetzen jarraitzeko konpromisoa berretsiz. “Esan eta egin. Hitza beteko dugu. Eta eraldaketa horri esker, zornotzarren bizi-kalitatea hobetuko dugu. Testuinguru horretan, zorroztasun ekonomikoa funtsezko ardatza izango dela azpimarratu nahi dut, honi esker udalerriaren garapena bultzatu ahal izango dugulako, enplegu iraunkorrak sortuz eta hurrengo belaunaldientzako etorkizun oparoa proiektatuko duten proiektu estrategikoak gauzatuz”.

Alicia Hernández PSE-EEko zinegotziari eta gobernu taldeko kideari hitza eman aurretik, Ainhoa Salterainek Amorebieta-Etxanoko etxeetan jasoko duten Agintaldi Planaren liburuxka irakurtzeko gonbidapena luzatu die herritarrei: “zornotzarrek Amorebieta-Etxanoko eraikuntzan aktiboki parte hartzearen garrantzia nabarmendu nahi dut. Gaur aurkeztuko dugun Agintaldi Plana dokumentu irekia da, amaitu gabea, zornotzar bakoitzaren ekarpenak funtsezkoak baitira Amorebieta-Etxano herria elkarrekin eraikitzeko. Zuen parte-hartzearekin egingo dugu, Arkalaz, elkarri entzunda. Horrela bakarrik lortuko dugu Amorebieta-Etxano guztiontzat bizitzeko udalerririk onena izatea”.

Amaitzeko, Ainhoa Salterain alkateak eskerrak eman dizkio Alderdi Sozialistari (PSE-EE), 2023-2027 Agintaldi Plana egiteko izandako elkarlanagatik: “eskerrak eman nahi dizkiet Alicia Hernandezi eta alderdi sozialistari prozesu honetan erakutsitako konpromisoagatik eta arduragatik. Plan hau gure indarrak eta ikuspegiak batzearen emaitza da, eta erakusten du lankidetzak konponbide sendoagoak eta bidezkoagoak ekar ditzakeela Amorebieta-Etxanorentzat. Elkarrekin lan egiten jarraitzea espero dut, gure komunitatearen helburuak eta nahiak egia bihurtzeko”.

Alicia Hernández (PSE-EE): “Herritarrek berebiziko garrantzia izango dute plan honen inplementazioan”
PSE-EEko zinegotzia den Alicia Hernandezek 2023-2027 Agintaldi Planaren garrantzia azpimarratu du, Amorebieta-Etxanoko gobernuaren konpromiso sendo eta lankidetza eraginkorraren adibide gisa: “EAJ-PNVren eta PSE-EEren arteko akordioak erakusten du, gure arteko desadostasunak gorabehera, Amorebieta-Etxanoko etorkizunerako ikuspegi komuna partekatzen dugula. Konpromiso bateratu honek erakusten digu nola gainditu ditzakegun erronkak eta nola egin dezakegun aurrera udalerri oparoago eta bidezkoago baterantz”.

Hernandezek nabarmendu du, baita ere, planaren arrakastarako funtsezkoa izango dela  herritarren parte-hartze aktiboa: “herritarrek berebiziko garrantzia izango dute plan honen inplementazioan. Espero dugu dokumentu hau tresna eraginkorra izatea tokiko gobernuaren eta zornotzar guztien arteko elkarrizketa eta lankidetza sustatzeko”.

PSE-EEko zinegotziak azpimarratu du elkarlana oso garrantzitsua izango dela Amorebieta-Etxanoko herritarren bizi-kalitatea hobetzeko eta herriak Euskadin duen posizio erreferentea sendotzeko: “Alkateak esan duen bezala, gure herritarren beharrei helduko dieten ekimenak bultzatzeko konpromisoa dugu, aukera-berdintasuna, ingurumen-iraunkortasuna, kultura-aberastasuna eta garapen ekonomikoa sustatuz”.

Hitzaldiari amaiera emateko, Alicia Hernandezek Amorebieta-Etxanoko gobernu taldearekin elkarlanean aritzeko konpromisoa berretsi du: “Gobernua osatzen dugun pertsonekin zein herritarrekin lan egiteko nago hemen. Nire atea zabalik egongo da beti zornotzar guztien kezkak eta proposamenak entzuteko”.

Jon Artabe: “2023-2027 Agintaldi Plan honek konpromiso sendoa erakusten du pertsonekin, aukera berdintasunarekin, iraunkortasunarekin eta herritar guztien ongizatearekin”
Jon Artabe, Idazkaritza, Funtzio Publiko, Gardentasun eta Gobernu Oneko zinegotzia eta Euskara, Berdintasun eta Arkalaz-en zeharkakotasunaren koordinatzailea, izan da gaur aurkeztu den 2023-2027 Agintaldi Plana zehatzago azaltzeko arduraduna: “Alkatearen eta bozeramaile sozialistaren hitzak berresten hasi nahi dut, Agintaldi Planaren helburua laburbiltzen baitute. Plan honek pertsonak ditu ardatz, eta komunitate sendoagoa eta kohesionatuagoa eraikitzea du helburu. Horretarako, zutabe nagusietako bat eredu komunitario berri bat ezartzea da, non herritar guztien parte-hartze aktiboa funtsezkoa izango den erabakiak hartzeko. Arkalaz egingo dugu”.

Horrela, jarraitu du: “dokumentuak gazteei eta kalteberatasun egoeran dauden pertsonei zuzendutako Enplegu Plan bat jasotzen du. Gure lehentasuna da lan-aukerak eta garapen profesionala bermatzea, haien beharretara egokitutako programak garatuz. Hau lagungarri izango da gure herritarrentzat, etorkizun inklusiboagoa eta oparoagoa izaten dezaten”.

“Gainera, Amorebieta-Etxano aukeren udalerria bihurtzeko konpromisoa dugu, horregatik lehenetsiko dugu tokiko merkataritza eta ostalaritza dinamizatzea. Halaber, ekonomia sustatuko dugu, elkarlanerako eta elkarrizketarako gune izango den Enpresa Foro baten bidez. Elkarrekin lan egingo dugu tokiko kontsumoa sustatzeko, gure herrian erosketa eta gastronomia-esperientzia hobetzeko, eta guztion mesederako izango diren garapen ekonomiko iraunkorreko aukerak aztertzeko. Amorebieta-Etxano herri oparoa izatea dugu helburu, negozio aukera berriekin eta tokiko ekonomia sendoarekin, aurrera egin duten tokiko merkatari eta ostalariekin” amaitu du Artabek.

Era berean, zinegotzi zornotzarrak nabarmendu du 2023-2027 Agintaldi Planak Amorebieta-Etxanoren garapena sendotzen duela, irisgarritasuna, iraunkortasuna eta segurtasuna lehenetsiz ikuspuntu guztietan: “horretarako, inbertsio estrategikoak egingo ditugu herritarren bizi-kalitatea hobetuko duten azpiegituretan, herritarren mugikortasuna eta funtsezko zerbitzuetarako sarbidea erraztuz. Era berean, gure herritarren babesa indartuko duen Herritarren Segurtasunerako Plan bat ezartzeko konpromisoa dugu, herriaren lasaitasuna eta ongizatea sustatuz. Mugikortasun iraunkorra aktiboki bultzatuko dugu, ingurumenarekiko lagunkoiagoak diren garraiobideen erabilera sustatuz eta, horrela, etorkizuneko belaunaldientzat gure ingurune naturala zainduz. Oro har, ahalegin horiek Amorebieta-Etxano irisgarriagoa, ekologikoagoa eta denontzako seguruagoa izatea ahalbidetuko dute”.

Era berean, Artabek azaldu duenez, Planak Amorebieta-Etxanoko kultura eta nortasuna indartzeko ikuspegia ere jasotzen du: “gure herriko bizitza kulturala aberasteko erabakia hartu dugu, adierazpen artistikoa, aniztasun kulturala eta aberastasun intelektuala sustatzen dituzten programa kultural eta jarduera berrien bidez. Biziki baloratzen dugu gure nortasun euskalduna eta, beraz, gure hizkuntza, euskara, sustatu eta zaintzeko konpromisoa berresten dugu, Amorebieta-Etxanoko gizarteko esparru guztietan euskararen erabilera eta irakaskuntza sustatuko duten ekimenen bitartez. Kultura eta hizkuntza gure komunitateari eta nortasunari forma ematen dioten funtsezko zutabeak dira, Zornotzarra naz eta harro nago izaeraren parte dira”.

Zornotzako auzoei dagokienez, auzokideen beharrak entzun dituztela gogorarazi du Artabek, eta bide horretan jarraituko dutela: “Amorebieta-Etxano osatzen duten auzoen beharrei adi egon gara, eta kultura eta entretenimendua udalerriko txoko guztietara hurbiltzeko ahaleginean, kultur programazio espezifikoak egiteko asmoa dugu auzoetan. Gainera, aurreko legegintzaldietan egin genuen bezala, gure haurren dibertsioa eta garapena sustatuko duten jolasgune berriak sortzeko konpromisoa hartu dugu. Auzo horietako bat Bernagoitia izango da, laster jolas gune berri bat izango dugu bertan”.

Amorebieta-Etxano inklusibo eta ekitatibo baten inguruan dugun ikuspegia azpimarratuz, Artabek jarraitu du, funtsezkoa da onartzea gure planaren oinarri sendoa publiko desberdinen segmentazioan dagoela, talde bakoitzak behar eta erronka espezifikoak baititu: “lehenik eta behin, funtsezkoa da gazteak aktiboki inplikatzea gure udalerriaren etorkizunaren eraikuntzan, ahotsa eta lekua eman behar diegu partehartze prozesu ezberdinetan.  Haien oraina eta etorkizun hurbila bermatzeko, tokiko Enplegu Plan bat sortzeko konpromisoa dugu, lanerako eta garapenerako benetako aukerak irekiko dizkiena. Emakumeak dira Agintaldi Plan honen funtsezko beste foku bat, eta, testuinguru horretan, Berdintasun Plan berri bat diseinatuko dugu, haien beharretara egokitu eta genero-berdintasuna sustatuko duena gure gizarteko eremu guztietan. Gure adinekoentzat, Osasun Plan Integral bat sortzen ari gara. Plan horrek bere ongizate integrala eta bizi-kalitatea kontuan hartuko ditu, eta, horrez gain, Aukeratua Ez Den Bakardadearen inguruko Proiektu Pilotu bat garatuko dugu. Azkenik, zornotzar migratzaileentzat lan egingo dugu, kulturartekotasuna eta inklusioa sustatzeko, baloratuak senti daitezen nahi dugu eta horretarako beharrezkoa da gure herriko parte aktibo sentiaraztea”.

Amaitzeko, Jon Artabek adierazi du 2023-2027 Agintaldi Plana Amorebieta-Etxanoko komunitatearekiko konpromiso sendoa dela: “pertsonei, aukera-berdintasunari, iraunkortasunari eta guztion ongizateari begira garatutako plana da”.

2023-2027 AGINTE PLANA