Amorebieta-Etxanoko Nafarroa Zentroak Bizkaiko Foru Aldundiaren 2023ko Iraupen Luzeko Zainketak Pertsonalizatzeko Jardunbide Egokien saria jaso du

Sariarekin ‘Harremanetan’ proiektuari aitortza eman dio Aldundiak. Proiektuaren helburu nagusia da Nafarroa Zentroa familiei irekia dagoen zentroa izatea, eta haiekin hainbat jardueretan parte hartu eta etengabeko komunikazioa izatea.

Amorebieta-Etxanoko Nafarroa Zentroak bigarren urtez jarraian jaso du Bizkaiko Foru Aldundiak emandako 2023ko Iraupen Luzeko Zainketak Pertsonalizatzeko Jardunbide Egokien Saria. ‘Harremanetan’ proiektua saritu du, Adimen Urritasuna duten Pertsonentzako Arreta Zentroaren (CAD) ekimena.

Iraupen luzeko zainketen trantsizio-testuinguruan, arretaren duintasuna, eskubideak eta pertsonalizazioa baloratzen diren honetan, Bizkaiko Foru Aldundiak nabarmendu eta babestu nahi ditu laguntza-premia duten pertsonen beharretan eta lehentasunetan oinarritutako arreta integrala sustatzen duten praktikak, prozesuan aktiboki parte har dezaten sustatuz.

‘Harremanetan’ proiektua adibide aparta da Nafarroa Zentroak erabiltzaileen familiekin harremanak sendotzeko egin duen ahaleginaren inguruan. Proiektuaren helburu nagusia da zentroa familiei irekitzea, hainbat jardueratan parte hartzera gonbidatuz eta etengabeko komunikazioa sustatuz konfiantzazko eta lasaitasunezko giroa sortzeko; horrek, erabiltzaileen ongizatean eragin zuzena du.

2023ko Iraupen Luzeko Zainketak Pertsonalizatzeko Jardunbide Egokien aintzatespenak emateko ekitaldia Euskalduna Jauregian izan da, eta bertan izan dira tokiko agintariak, hala nola, Ainhoa Salterain alkatea eta Sonia Cabeza Gizarte Ekintza Komunitarioko zinegotzia, eta Bizkaiko Lurralde Historikoan iraupen luzeko zainketan jarduten duten erakunde eta entitateetako ordezkariak.

Amorebieta-Etxanoko Udalak Nafarroa Zentroko langileak zoriondu ditu egindako lanagatik eta inplikazioagatik, merezitako aintzatespena jasotzeagatik; eta eskerrak eman dizkio Bizkaiko Foru Aldundiari erkidegoan kalitate handiko zaintza eta pertsonalizazio praktikak sustatzeko hartutako konpromisoagatik.