Amorebieta-Etxanok ongietorria egin die MunduBateko ordezkariei, giza eskubideen defentsarekin duten konpromisoa nabarmenduz

Amorebieta-Etxanoko Udalak ongietorria egin dio gaur MunduBateko Lorena Peña eta Eneko Gerrikabeitiari, eta balioan jarri du hainbat pertsonek giza eskubideen defentsan egiten duten lanari.

Lorena Peñak hitzaldia emango du gaur, 15:30etan, Zelaietako Auditorioan.

 Amorebieta Etxanoko Udalak ongietorria eman die gaur Lorena Peña eta Eneko Gerrikabeitia MunduBat Fundazioaren ordezkari eta presidenteari. Ongietorri ekitaldian, Ainhoa Salterain alkateak eta Sonia Cabeza Gizarte Ekintza Komunitarioko eta Herritarren Arretako zinegotziak fundazioak egindako lana azpimarratu dute: “Oraingo honetan gure artean ditugu Lorena Peña FMLNko (Nazio Askapenerako Farabundo Martí frontea) diputatua, FMLNko Kultura idazkari nazionala eta ‘Las Mélidas’ Emakumeen Mugimenduaren sortzailea, eta Eneko Gerrikabeitia zornotzarra, fundazioko presidentea. Gaurko bisitaren helburua da, giza eskubideen eta justizia sozialaren aldeko borrokan duzuen esperientziaren eta konpromisoaren berri ematea zornotzarrrei”.

Ongietorri-ekitaldian, Ainhoa Salterain alkateak Herri Babesaren garrantzia azpimarratu du, giza eskubideen defendatzaileak babesteko euskal sarea: “Amorebieta-Etxanoko Udalak aktiboki parte hartzen duen sare honen helburua da udal administrazioen, euskal erakunde sozialen eta hegoalde globaleko giza eskubideen defendatzaileen arteko ahaleginak koordinatzea. Bere egitekoa da, tokian-tokian, giza eskubideen defentsan aritzen direnak babestea”.

Beraz, eta Alkatearen hitzetan, ekitaldi honen eta programatutako hitzaldiaren nahia da zornotzarrak sentsibilizatzea eta kontzientziatzea giza eskubideak defendatzearen garrantziaz: “Herri Babesarearen bosgarren kanpaina honek jomuga du gonbidatutako giza eskubideen aldeko erakunde defendatzaile gonbidatuen indarkeriarik gabeko erresistentziak ikusaraztea, eta hauek babestea erasoen, mehatxuen, jazarpenen eta erailketen aurrean”.

Bestalde, Sonia Cabezak azaldu duenez, “Elkarrekin giza-eskubideen defentsan” V. Foro Ibiltariak Lorena Peña izango du ordezkari Amorebieta-Etxanon: “nire esker ona adierazi nahi diet Udalaren izenean Lorena Peñari eta giza eskubideen alde lan nekaezina egiten duten pertsona guztiei”. Aurkezpenean, Cabezak Lorena Peñaren lorpenak eta ausardia ekarri ditu gogora, eta FMLNko komandante gisa izandako papera, 1992an bake-akordioetan egindako ekarpena, diputatu gisa egindako lana eta emakumeen eskubideen aldeko aktibismoa azpimarratu ditu: “garrantzitsua da nabarmentzea Lorena Peña bezalako pertsonak funtsezkoak direla mundu bidezkoago baten aldeko borrokan. Bere ausardia eta giza eskubideen defentsarekin duen konpromisoa inspiratzaileak dira guretzat”.

Amaitzeko, Sonia Cabezak Amorebieta-Etxanoko Udalak giza eskubideen eta nazioarteko elkartasunaren sustapenarekin duen konpromisoa berretsi du: “Hori horrela, zornotzarrak gonbidatu nahi ditut, gaur 15:30etan Zelaietako Auditorioan egingo den hitzaldira eta Lorena Peñaren bizipenak gertutik ezagutzera”.