Amorebieta-Etxanok Korrikaren 23. edizioaren lekukoa hartuko du martxoaren 22an

‘Harro Herri’, Korrikaren 23. edizioa arratsaldeko 17:37ak aldera iritsiko da Amorebieta-Etxanora Lemoatik.

Egun horretan bertan hainbat ekintza antolatu dira Korrikaren harira.

Korrika Amorebieta-Etxanora iritsi baino egun bat lehenago, martxoaren 21ean, Korrika Txikian hartuko dute parte zornotzar txikiek.

Amorebieta-Etxanok Korrikaren 23. edizioan parte hartuko du aurten ere, Euskal Herria 10 egunez zeharkatuko duen euskararen aldeko ekitaldi garrantzitsuenean. ‘Harro Herri’ lelopean, atzo, martxoak 14, hasi zuen ibilbidea Korrikak Irunen, eta martxoaren 24an iritsiko da helmugara, Baionara.

Korrika Amorebieta-Etxanon
Amorebieta-Etxano Korrikak igaroko dituen udalerrien artean dago, eta martxoaren 22an hartuko du lekukoa, 17:37an. Elkarte, klub, entitate eta ehunka zornotzarren izenean 38 eskuk eramango dute lekukoa,  Korrikak  eta euskarak zornotzarren babes irmoa dutela erakutsiz. Korrika Amorebieta-Etxanon Lemoatik sartuko da eta Berna auzoko sarreran amaituko du ibilbidea. Amorebieta-Etxanoko Udalak Ganeko autobus geltokian jasoko du lekukoa eta Aldakoene baserriaren parean emango du.

 Ekitaldiz jositako eguna
Gainera, eta Korrikaren etorrera ospatzeko, hainbat kultur ekitaldi antolatu dira egun berean. Mamiki Batukadaren emanaldiak piztuko du da giroa arratsaldeko 17:00etan. 17:15ean, herriko ikastetxe guztiek ekitaldi bateratua egingo dute Herriko Plazan, gazteek euskararekiko eta gure kulturarekiko duten konpromisoa erakutsiz. Eta Korrikak herriko kaleak zeharkatu ostean, Diskorrikak jai giroari eutsiko dio Herriko Plazan. Eguneko azken ekintza 20:00etan izango da: Txalo konpainiaren ‘Almazenean” antzezlana, Zornotza Aretoan.

800 haur inguru Korrika txikian
Egun bat lehenago, martxoaren 21ean, Korrika Txikian parte hartuko dute Amorebieta-Etxanoko lau ikastetxeek, goizeko 10:00etatik aurrera: Andra Mari Ikastola, El Carmelo ikastetxea, Karmengo Ama ikastetxea eta Larrea Eskola. Horrela, Amorebieta-Etxanoko 800 haur inguruk egingo dute bat euskararen aldeko ekimen honekin.